2019ko otsailean, 16 metroko luzera eta 30 tonako pisua zuen balea bat lehorreratu zen Sopelako hondartzan (Bizkaia). Animalia hil egin zen, baina EHUko ikertzaile batzuek begi bat erauzi zioten, laborategian aztertzeko, glaukoma sendatzeko ikerketa zabal baten barruan.
Mikroskopioak erabilita, balearen begiaren ehunei argazkiak egin zizkieten Elena Vecino Cordero EHUko katedradunak eta Luis Lopez Vecino ikertzaileak. Irudiak ikusgarriak zirenez, Balearen begia erakusketa antolatu zuen EHUk. Argazkion artean zegoen Balea-erretinaren ostadarra argazkia.
Elena Vecino EHUko Oftalmo-Biologia ikerketa taldeko zuzendaria, Sopelako baleari erauzitako begiarekin. Marisol Ramirez / Foku
Geroztik nazioarteko zenbait sari jaso ditu argazkiak. Azkena, Herbehereetan. Herrialdeko Neurozientziarako Institutuak (NIN) hamargarren aldiz antolatu du Neurozientziaren Artearen Lehiaketa. Horren helburua da zientzia eta artea elkartzen diren eremuan sorturiko irudi «inspiratzaile eta sortzaileak» nabarmentzea, EHUk zabaldu duen oharraren arabera. Lehiaketa horretan, AEBetako Scientific American aldizkariak bultzatzen duen sariaren ohorezko aipamena jaso du EHU ikertzaileen irudiak.
Iazko otsailean Sopelako hondartzan agerturiko balea jasotzeko operazioa. Luis Tejido / EFE
Lehen ere jaso ditu sari batzuk: aurten, lehen saria eman zioten NeuroArt 2020 lehiaketan. Espainiako Neurozientzia Elkarteak (SENC) antolatzen du, nerbio sistemaren inguruko irudi eta bideoak zabaltzeko.
Elena Vecino EHUko GOBE Oftalmo-Biologia Esperimental taldeko burua da. Unibertsitateak iaz honoris causa doktore izendaturiko Sansar C. Sharmar adituaren taldeko ikertzaile izan zen. Glaukomaren ikerketaren inguruko munduko aditurik handienetakoa da Sharmar.