Hilberria

John Hume hil da, Ostiral Santuko Akordioen bultzatzaileetako bat

1998an, Bakearen Nobel saria eman zioten, Ipar Irlandako bake prozesuan izandako parte hartzeagatik. 83 urterekin hil da, Derryn.

John Hume politikari irlandarra, artxiboko argazki batean. YOAN VALAT, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko abuztuaren 3a
11:42
Entzun

John Humeren familiak eman du politikariaren heriotzaren berri komunikabideetara bidalitako ohar batean. 83 urte zituen, eta Derryko zahar etxe batean bizi zen. «Goizean goiz hil da Hume, gaixotasun labur baten ondoren», zioen idatziak.

1998an Bakearen Nobel saria eman zioten politikari irlandarrari, Ostiral Santuko Akordioetako negoziazioetan izandako parte hartzeagatik. Ez zen Ipar Irlandako gatazka amaitzeko egindako lehen ahalegina. Aurrez, Gerry Adamsekin izandako elkarrizketei esker, IRA Irlandako Armada Errepublikanoak su-etena iragarri zuen 1994an.

1937an jaio zen, Derryn. SDLP Alderdi Sozialdemokrata Laboristaren sorreran parte hartu zuen, eta alderdiko buru izan zen 2001era arte.

Giza eskubideen aldeko mugimenduetako kidea ere bazen Hume, eta Sinn Feinekin hitz egitearen alde egin zuen. 1985eko Londresen eta Dublinen arteko akordioa lortzeko sekretupeko negoziazioetan ere hartu zuen parte. Hitzarmena gerora indarrik gabe geratu zen arren, Ipar Irlandako auzietan esku hartzea ahalbidetu zion lehen aldiz Dublini.

Ostiral Santuko Akordioak sinatu zirenean, Tony Blair laborista zen Erresuma Batuko lehen ministro. Blairren esanetan, «historikoa» izan zen Humek negoziazioetan egindako ahalegina. «Ekarpen asko egin zizkion politikari, baina desberdin pentsatzen zutenekin lan egiteko konpromisoa izan zen handiena», esan du Blairrek.

Humenern ibilbidea txalotu du buruzagi laboristaren aurretik gobernuburu izandako John Major kontserbadoreak ere: «Politikari gutxi izan dira hark bezainbeste denbora egin dutenak akordio bila eta urteetan blokeatuta geratutako jarrerak aldatzeko ahaleginean. Hari esker, bakean bizi dira egun komunitate asko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.