Bolbora bezala zabaldu da Joan Mari Torrealdairen heriotzaren albistea sare sozialetan. Euskalgintzak pairaturiko galera nabarmendu dute mezuetan. Instituzioetan, politikan, kulturgintzan eta herri ekimenetan aritzen diren hainbat kidek adierazi dute euren atsekabea. Torrealdaik euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lana, haren gogoetarako gaitasuna eta jarrera atsegina aipatu dituzte hainbatek, eta nabarmendu dute haren ondarea euskaldunen eskuetan geratu dela.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak Torrealdairen «ekarpen erraldoia» nabarmendu du Twitterren zabalduriko mezu batean, eta hark utzitako «hutsune handia». Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak ere agurtu nahi izan du Torrealdai, «itzal handiko gizona». Haren «lana eta bikaintasuna goraipatu» ditu Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. «Aberri hau maite dugun guztiok faltan botako zaitugu, Joan Mari», adierazi du Andoni Ortuzar EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak.
âš«ï¸Ã‚ÂJoan Mari Torrealdai zendu da. Itzal handiko intelektuala izan da, eta 60 urtez bere lana, jakinduria eta ekiteko gaitasuna eman dizkio euskara eta euskal kulturari.
— Iñigo Urkullu (@iurkullu) July 31, 2020
Ekarpen erraldoia egin zuen, eta hutsune handia utzi du.
Nire doluminak senide eta lagunei.
Goian bego.
Torrealdairen heriotza «galera izugarria» dela esan du Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiak.
Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak gogoratu du Torrealdai 2003an espetxeratu zuela Espainiako Auzitegi Nazionalak, «geroago errugabe zela onartu zuen arren. Gure begirune osoa zor diogu».
«Euskaltzalea, herrigilea, ekarpen kolosala egin dio Euskal Herriari», adierazi du Sortu alderdiak, eta gogoratu du Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako operazioan «Guardia Zibilak bortizki torturatu» zuela, eta Horri egotzi ziola bere gaixotasuna.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko Paul Bilbaok Torrealdairen lekukoa hartzeko konpromisoa adierazi du: «Esana zenuen, Joanmari, zeure eskarmentuko lezio nagusia esaldi labur batek bil dezakeela: Ezina ekinez egina. Geuk egiten jarraituko dugu. Eskerrik asko bihotz-bihotzetik!».
Euskal Herrian Euskaraz taldeak eskerrak eman dizkio Torrealdairi: «Amestu zenuen Euskal Herri euskalduna lortu arte zure lekukoari helduko diogu euskaltzaleok».
Euskarazko webguneen domeinua kudeatzen duen .EUS Fundazioaren sorreran Torrealdai izan zela lehendakari eta bidelagun gogoratu du Josu Waliñok, fundazioko zuzendariak.
«Tristura trinko batek estali du euskararen lurra, erreferentzia eta ipar izan delako, kulturgile oparo, intelektual handi eta konprometitua eta pertsona gertu eta atsegina», idatzi du Kike Amonarriz soziolinguistak.
Jakin aldizkariak posta elektronikoz zabaldu du erreakzioa. Hango zuzendari eta kidea izan zen Torrealdai: «Euskal kulturarentzat eta euskalgintzarentzat ezinbesteko pertsona izan da Torrealdai. Euskal pentsamendua sustatzen jardun zuen Jakin aldizkariko zuzendari gisa, baita ondoren Jakin Fundazioko lehendakari moduan ere. Euskal idazleen eta liburugintzaren ikerketa soziologikoetan aitzindari izan zen, eta euskalgintzak jasandako zentsurari buruz aparteko ikerketak burutu ditu, besteak beste. Gainera, ikertzaile ez ezik, eragile garrantzitsua ere izan da Torrealdai; Jakin Taldeko kide eta Euskaldunon Egunkaria berripaperaren sortzailea izan zen, esaterako».
Torrealdairen bizitzari eta ekarpenari buruzko informazioa ematen du Jakinek bere webgunean. «Eskerrik asko, Joan Mari, eman diguzun guztiagatik».
Elkar argitaletxeak gogoratu du 1972an Ipar Euskal Herrian 20 kulturgilek abiatu zutela euren egitasmoa; Hego Euskal Herriko beste 20 lagunen parte hartzearekin osatu zen, eta hogei lagun horien artean zegoen Torrealdai. «Gerora ere erabateko lotura izan du elkarrekin, beti izan baita modu batera edo bestera bertako kide. Elkar fundazioko patronatuko kide izan da Torrealdai, eta 2011tik 2014ra hangp lehendakaria izan zen, eta, azken urteotan, lehendakariorde funtzioa bete du. Ondorioz, elkarren ere ekarpen handia egin du eta arrasto sakona utzi du».
Torrealdaik euskal kulturak «independentzia erabatekotik» lan egin behar duela defendatu izan zuela beti nabarmendu du Elkarrek, eta intelektualak ikerlari zein ekintzaile gisa eginiko lana nabarmendu du. «Dudarik gabe, handia izango da euskal munduan utziko duen galera, eta handia etxeko eta gertukoen artean utziko duena ere».
Euskaltzaindiak Torrealdai «Euskaltzale sutsu eta nekaezina» izan zela gogoratu du. Liburugintzan eginiko lana jarri du mahai gainean, eta 1975. urtean euskaltzain urgazle izendatu zutela, eta euskaltzain oso, 2007an. «Hare lan nekaezina eredugarria izan da euskalgintzan. Euskal kulturaren sustatzaile eta defendatzaile aparta izan da», adierazi du Andres Urrutia euskaltzainburuak. «Azalean baino, sakon, zehatz eta goi mailan jokatu du, eta gure hizkuntzaren adarretatik hainbatetan berritzaile izan dugu. Berba batez esateko, jakintzatik ekintzetara joaten jakin izan duen euskaltzale aparta izan da Torrealdai».
Miren Azkarate euskaltzainak hitz gakoetan laburbildu du Torrealdairen ekarpena: «euskara eta euskal kultura, liburugintza, Jakin eta Arantzazu».
Karmele Jaio idazleak «ezinbesteko» gisa definitu du Torrealdai: «Biba zu, Joan Mari. Ez zaitugu ahaztuko».
Torrealdaik ere «sentituz, pentsatuz eta ekinez» jardun zuela adierazi dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots artistek.
Joan Mari Torrealdai hil da,
— Pirritx Porrotx eta Marimotots (@KatxiporretaEus) July 31, 2020
Euskal Kulturgintzan eta euskalgintzan sentituz, pentsatuz eta ekinez sudurgorriontzat ere itsasargia eta laguna izan dena.
Gure irri, kantu, amets eta abentura guztietan eramango zaitugu!
Muxu goxoak eta besarkada beroak familiari.
JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020]
Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak