Siemens Gamesak 805 milioi euroren galerak izan ditu urritik

Koronabirusaren pandemiarekin zuzenean lotuta daude horietatik 149 milioi euro. Berregituratze prozesu batean murgilduta dago konpainia, eta berriz azpimarratu du «saihetsezina» dela Agoizko (Nafarroa) lantegiaren itxiera.

Siemens Gamesak Agoitzen (Nafarroa) duen lantegia. Langileak itxieraren aurka borrokan ari dira. IñIGO URIZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko uztailaren 30a
11:06
Entzun

Siemens Gamesa etengabe ari da galerak pilatzen. Haize erroten enpresak gaur eman du urritik ekainera izan dituen emaitzen berri, eta kezkagarria da datua: 805 milioi euroren galerak izan ditu, horietatik 149 milioi koronabirusaren pandemiak zuzenean sortutako arazoei lotuak.

Ez horregatik bakarrik; Indiako eta Mexikoko merkatuek izan duten motelaldiak eta Europa iparraldeko hainbat parke eolikok ezarri dizkioten zigorrek ere eragina izan dute. Iaz, aldi berean, 88 milioi euroren irabaziak izan zituen enpresak.

Berregituratze prozesu batean dago Siemens Gamesa. Konpainiak hainbat buruzagi aldatu ditu azken hilabeteetan, galerak murrizteko eta konpainia errentagarri bihurtzen saiatzeko, baina Andreas Nauen presidenteak gaur onartu du aldi konplikatu batean daudela, «bai konpainia, baita sektorea ere».

Euskal Herrian, Agoizko (Nafarroa) lantegia ixtea eragin dezake prozesu horrek, eta gaur erabaki horren aurkako itxialdi bat hasi dute hango langile batzuek, Iruñeko San Lorentzo elizan. Fabrika horrek 239 behargin ditu, eta Nauenek gaur adierazi du saihetsezina dela itxiera: «Ixtea erabaki aurretik bazegoen beste aukeraren bat, baina erabakiak ez du atzera-bueltarik jada».

Etorkizuna

Siemens Gamesarentzat, ordea, dena ez da beltz kolorekoa. Enpresak 31.500 milioi euroko eskari poltsa du, eta, beraz, produkzioa bermatua du datozen urteetarako. Gainera, energia berriztagarrien sektoreak luze gabe gorakada nabarmena izatea espero du konpainiak, eta Nauenek aitortu du aurreikuspenak oso onak direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.