Hernaniko (Gipuzkoa) Oartzu kaleko eraikin batean bakartuta zeuden 35 bizilaguni asteartean egin zizkieten PCR probak, eta guztiek negatibo eman dute. Gauean hasi ziren lehen emaitzak jasotzen, eta gaur goizean izan dute guztien berri. Beraz, hasieran atzemandako bi kasuak izan dira positibo bakarrak, eta bakartzea bertan behera utzi dutela jakinarazi du Hernaniko Udalak.
Emaitzak jaso dira eta atzo bizilagunei egindako froga guztiak negatibo eman dutenez, eraikina dagoeneko ez dago isolatuta.
— Hernaniko Udala (@hernanikoudala) July 29, 2020
Hernaniko Udalak astelehenean izan zuen egoeraren berri, 20:30 aldera, Estibaliz Aldeiturriaga alkateordeak atzo adierazi zuenez. Osasun Sailarekin harremanetan jarri ostean, eraikina bakartzeko erabakia hartu zuten, PCR proba guztien emaitzak jaso arte. Udaltzainak arduratu ziren, babes jantziak soinean, bizilagunei neurri horren berri emateaz, Babes Zibilarekin elkarlanean.
Erabakiak hamar familiari eragin die, eta arrazoia, berriz, egoiliarren artean hainbat positibo atzeman izana da. Zehazki, bi familiatako bi kidek eman zuten positibo COVID-19aren proban, eta horrek alarma piztu zuen. Gainerako bizilagunei eginiko probak negatiboak direnez, ordea, «eraikina bakartzeko erabakia bertan behera geratu da», udalaren esanetan.
Udaleko arduradunak, udaltzainak eta osasun etxeetako arduradunak gaur goizean bildu dira, 09:00 aldera, eta bileraren ostean eman dute emaitzen berri. Xabier Lertxundi alkateak adierazi du atzo gauean «urduritasuna» sumatu zela bizilagunen artean, baina egoera lasaitu egin dela emaitzak jaso ahala.
Zortzi kasu azkenaldian
Uztailaren 23tik 27ra, zortzi kasu positibo agertu dira Gipuzkoako herri horretan. Koronabirusak eraginik txikiena izan duten herrietako bat da: martxotik uztailaren 19ra, 74 kasu positibo atzeman dituzte, eta hiru pertsona hil dira COVID-19aren eraginez.