Gisele Halimi abokatu feminista hil da, Parisen

Besteak beste, behatzaile gisa aritu zen Burgosko Prozesuan, eta horren inguruko liburu bat idatzi zuen. Abortatzeko eskubidearen bultzatzaileetako bat izan zen, Simone de Beauvoirren ondoan.

Halimi, 'L'Humanité' egunkari komunistaren jaian, 2008an. OLIVIER TéTARD
2020ko uztailaren 28a
17:06
Entzun

Gisele Halimi Tunisian jaio zen, 1927an, familia judu eta amazig batean, eta Afrikako herrialde horretan hasi zen abokatu lanetan. Baina ikasketak Parisen eginak zituen, eta 1956. urtean, Frantziako hiriburuan hasi zen abokatu. Hasieratik nabarmendu zen funts politiko handiko auziak eta feminismoaren ingurukoak aukeratzeagatik.

Izan ere, familia tradizionalista batean hazi izanak markatu egin zuen Halimiren haurtzaroa. 13 urterekin, gose grebari ekin zion, anaiaren ohea egitera gehiago behartu ez zezaten. Hiru egunen ondoren, gurasoek amore eman zuten. Berak kontatu zuen bere haurtzaro matxinoa autobiografian: Le lait de l’oranger (Laranjondoaren esnea, 1988).

Tunisiaren independentziaren alde borrokatu zen, eta Aljeriaren askatasunaren alde. Frantziako Armadak praktikaturiko tortura salatu zuen, eta Aljeriako independentistak defendatu zituen. Simone de Beauvoir eta Jean-Paul Sartreren ingurukoa izan zen, eta De Beauvoirrekin liburu bat idatzi zuen Djamila Boupacha Aljeriako Askapen Nazionalerako Fronteko militantearen inguruan (Pablo Picassok liburuaren azala egin zuen). Frantziako Armadako kideek Boupacha atxilotu eta bortxatu egin zuten, 1960. urtean. Ekintzaile gaztea defendatu zuen Halimik auzitegietan, baina hura heriotza zigorrera kondenatu zuten (1962an amnistia eman zioten, ordea).

Ameriketako Estatu Batuetako soldaduek Vietnamgo gerran eginiko krimenak ikertzeko nazioarteko talde bateko burua izan zen, eta 1970. urtean nazioarteko abokatu talde batekin egon zen behatzaile gisa Burgosko Prozesuan (Espainia). Hurrengo urtean, han bizi izandakoa kontatu zuen Le Procès de Burgos liburuan. Sartrek hitzaurrea egin zion liburuari, eta Euskal Herriko auziaren inguruko esaldi sonatuak idatzi zituen: «Askatasuna ala hil. Hitz horiek Kuban eta Aljerian entzun genituen atzo. Gaur berriz entzun ditugu Euskadin».

Halimi, Burgosko Prozesuan, Jose Antonio Etxebarrieta abokatuarekin. Xabier Izko etakidearen defendatzailea izan zen Txabi Etxebarrietaren anaia. BERRIA

Urte hartan bertan, manifestu bat sinatu zuen beste 343 emakumerekin. Abortatu izana onartu zuten emakumeek bertan, eta abortu librea eskatu zuten. De Beauvoir eta Jean Rostandekin batera, Choisir La Cause Des Femmes (emakumeen kausa aukeratzea) mugimendu feminista sortu zuen. Geroztik, emakumeen defentsan aritu zen epaitegietan ere, hainbat auzi sonatutan, eta Frantziako lege kodean bortxaketaren inguruko legedia gogortzea lortu zuen.

Erakundeetan ere aritu zen, politikari gisa. Diputatua izan zen Frantziako Asanblea Nazionalean, 1981etik 1984ra, talde sozialistan. François Mitterrand sostengatu zuen, hura Frantziako presidentetzara eraman zuen bidean, baina esan izan du harekin «etsita» zegoela 1980ko hamarkadaren erdirako.

Baina Halimiren borroka ez zen adinarekin moteldu. Izan ere, 1998. urtean beste mundu baten aldeko ATTAC erakundearen sortzaileetako bat izan zen, eta Israelgo Armadaren gerra krimenak ikertzen jardun zuen.

Atzo hil zen, Parisen, 93 urte zituela.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.