Katalunia

Bertan behera utzi dituzte bost buruzagi independentista espetxeraturen hirugarren graduak

Fiskaltzak helegitea aurkeztu du Kataluniako Gobernuak onartu zien gradu aldaketaren aurka, eta neurria behin-behinean indargabetu du espetxe zaintzako epaileak. Espetxera itzuli beharko dute berehala.

Oriol Junqueras ERCko presidentea, Pere Aragones Kataluniako presidenteordea eta Raul Romeva Kataluniako kontseilari ohia, joan den larunbatean, bilkura batean. DAVID BORRAT
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko uztailaren 28a
13:02
Entzun

Espetxera eta bigarren graduko erregimenera itzuli beharko dute berehala Oriol Junqueras Kataluniako presidenteordeak, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteak, Raul Romeva eta Joaquim Forn Kataluniako kontseilari ohiek, Jordi Sanchez ANCko presidente ohi eta JxCeko buruzagiak, eta Jordi Cuixart Omniumeko presidenteak. Kataluniako Gobernuak hirugarren gradua onartu zien uztailaren 14an, baina fiskaltzak sailkapen hori indargabetzeko eta bigarren gradura itzultzeko eskatu dio espetxe zaintzako epaileari. Fiskaltzaren iritziz, hirugarren gradua ezartzeak edukiz husten ditu Espainiako Auzitegi Gorenak ezarri zizkien bederatzi eta hamahiru urterainoko espetxe zigorrak.

Fiskaltzak datozen egunetan erabaki beharko du ea bide beretik joko duen Dolors Bassa, Josep Rull eta Jordi Turull kontseilari ohi espetxeratuen kasuetan ere. 

Espainiako Auzitegi Gorenak joan den asteko ebazpenean azaldu zuenez, fiskaltzaren helegiteak «indargabetze eragina» du haren objektua «presoen sailkapena edo baldintzapean aske geratzea» diren kasuetan. Beraz, gradu aldaketa automatikoki gelditu da indargabetuta, espetxe zaintzako epaileak helegitea tramitera onartu duenean.

Kataluniako Gobernuak hirugarren gradua onartu zien horiei guztiei espetxeetako tratamendu batzordeen eskariz. Presoak espetxetik irteten hasi ziren handik hiru egunera. Erregimen aldaketarekin, asteburuak etxean igarotzeko aukera dute, eta aste barruan espetxera itzuli behar dute lotara. Hirugarren gradua bigarrena baino arinagoa izanagatik ere, buruzagi independentistek nabarmendu dute ez dela «askatasuna», eta oraindik ere preso daudela.

Espetxe zaintzako epaileak erabaki beharko du orain fiskaltzaren helegitearen gainean. Epailea hirugarren graduaren alde agertuko balitz, bigarren instantzian helegitea aurkezteko modua izango luke fiskaltzak. Kasu horretan, Espainiako Auzitegi Gorenak izango luke azken hitza. 

Hirugarren graduaren kontrako helegitea Goreneraino helduko balitz, auzitegiak har lezakeen erabakiaren seinale gisa uler daiteke joan den astean eman zuen ebazpena. Izan ere, bigarren graduari dagokion baimen bat ukatu zion Forcadelli: lanera joateko espetxetik irten ahal izatekoa. Forcadelli baimen hori aitortu zion Kataluniako Gobernuak, espetxe tratamendu batzordearen eskariz, Zigor Kodearen 100.2 artikulua baliatuta. Zaila dirudi Gorenak hirugarren gradua egokitzat jotzea, are zurrunagoa den bigarren graduko baimen bat aitortzeko baldintzarik ez dagoela ebatzi duenez gero.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.