Hernaniko eraikin bateko biztanleak konfinatu dituzte

Bi familiak positibo eman dute, eta eraikineko gainerako auzoei PCR probak egin dizkiete. Emaitza jakin arte etxetik ez ateratzeko agindu diete.

PCR probak egin dituzten Hernaniko etxea. JON URBE / FOKU
2020ko uztailaren 28a
10:28
Entzun

Hernaniko (Gipuzkoa) Oartzu kaleko eraikin bateko biztanle guztiak konfinatu egin dituzte, hango bi familiatan koronabirus kasuak atzeman ondoren. Eusko Jaurlaritzaren arabera, hamar familiari eragiten die egoerak, eta ezingo dira etxetik atera PCR proben emaitzak jakin arte.

Eraikinean bizi den eta emaitzen zain itxita dagoen bizilagun batek BERRIAri azaldu dionez, astearte gauean eman zieten etxean geratzeko agindua; babes jantzia zeramaten langile batzuk joan zitzaizkien etxera. Asteazken goiz honetan egin dizkiete PCR probak, eguerdian bukatu dute, eta espero dute emaitzak bihar, osteguna, jakingo direla.

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ñabardura bat egin dio egoerari: «Eraikina ez dago konfinatuta». Eraikineko bizilagunak emaitzak jasotzeko zain daudela adierazi du. Emaitzak jakin ondoren erabakiko dute zer neurri hartuko dituzten.

Estibaliz Aldeiturriaga Hernaniko alkateordeak «lasaitasuna» eskatu die herritarrei. Osasun Sailak asteartean eman zien abisua udal ordezkariei, 20:30ean. Kasu positibo batzuk atzeman zituztela eta eraikina konfinatu behar zela adierazi zieten. Udaltzainak eta babes zibila Osasun Sailarekin elkarlanean aritu dira harrezkero.

Pandemia hasi zenetik, Hernaniko osasun etxearekin bilerak egiten ditu udalak astero. Osasun Sailak emaitzak eduki orduko, mahai horretan aztertuko dute egoera, eta horren ondoren ikusiko du udalak beste neurririk hartu behar duen. Orain arteko erabakiak Jaurlaritzak hartu dituela azaldu du. «Herritarrek lasai egon behar dute, eta orain arte bezala jokatu: lasaitasunez eta erantzukizunez».

Zortzi kasu azkenaldian

Uztailaren 23tik 27ra zortzi kasu positibo agertu dira Gipuzkoako herri horretan. Koronabirusak eraginik txikiena izan duten herrietako bat da: martxotik uztailaren 19ra, 74 kasu positibo atzeman dituzte, eta hiru pertsona hil dira COVID-19aren eraginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.