Euskal presoak

122 urteko espetxe zigorra ezarri diote Marixol Iparragirreri

Epaileak Luciano Cortizo Espainiako Armadako komandantea hiltzeko «agindua ematea» leporatu dio, eta horretarako beharrezko «lehergailuen horniduraz» arduratzea.

Marixol Iparragirreren egoera bidegabea salatzeko eta haren askatasuna exijitzeko agerraldia egin zuten hainbat herritar eta eragilek, hilaren hasieran, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
2020ko uztailaren 24a
13:21
Entzun

Marixol Iparragirre (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1961) 122 urteko espetxe zigorrera kondenatu du Espainiako Auzitegi Nazionalak, fiskaltzaren eskaerari men eginez. Iparragirreren aurka Espainiako Estatuan eginiko lehen epaiketan, ebazpenean epaileak leporatu dio ETAren komando bati «agindua ematea» Luciano Cortizo Espainiako armadako komandantea hiltzeko, eta horretarako «lehergailuz hornitzea». Iparragirrek, epaiketan, ukatu egin zuen hilketan parte hartu izana, eta, era berean, salatu zuen EPPKren ordezkaria izategatik abiatu dituztela bere aurkako prozesuak. Ibon Etxezarreta eta Agustin Almaraz euskal presoek lekuko gisa deklaratu zuten, eta azaldu ez zutela harremanik izan Iparragarrirekin. 

Cortizo komandantea 1995eko abenduaren 22an bonba-autoz egindako atentatu batean hil zuen ETAk, Leonen (Espainia). Hori dela eta, Iparragirreri 122 urteko kartzela zigorra jartzeko eskatu zuen fiskaltzak: 30 urte hilketa delituagatik, beste 80 urte hilketa saiakera delitua leporatuta —erasoan izandako lau zauritu larri bakoitzeko, 20 urte—, eta hamabi urte lehergailuak edukitzea egotzita.

Euskal presoa Frantzian izan zuten preso 2004tik iazko irailera arte, ETAko kidetzat jota. Zigorra beteta, Espainiaratu egin zuten, eta, kondenarik ez izan arren, Brievako kartzelan pasatu ditu azken hamar hilabeteak, bakartze moduluan. Haren aurka hamabi kausa dauzkate irekita, eta gaurkoa lehen epaiketaren sententzia izan da. Datozen bi epaiketen datak zehaztuta daude: urrian eta datorren urteko urtarrilean izango dira.

ETAren desegitearen ahotsa

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren ahotsetako bat izan da Iparragirre azken urteetan, eta, Frantzian preso zela, besteak beste Parisko diputatu eta senatarien bisitak jaso zituen. ETAk bere desegitearen berri eman zueneko adierazpenari ahotsa jarri zion Iparragirrek, Josu Urrutikoetxearekin batera, 2018ko maiatzean.

Debagoienean (Gpuzkoa) sortu den babes plataformak Iparragirre aske uzteko eskatu izan du, «ezinbesteko ekarpena egin duelako Euskal Herria bake bidean jartzeko». Iruditzen zaie «ziklo berri honetan» epaiketak «sobran» daudela.

1981ean Ipar Euskal Herrira joan zen, eta Kanboko (Lapurdi) lizeoan irakasle aritu zen. 1984an joan zen sasira, GALek Santi Brouard medikua eta ezker abertzaleko kidea hil ondoren. 2004ko urrian Saliesen (Okzitania) atxilotu zuten arte, 23 urte sasian pasatu ostean. Mikel Albisu bikotekidearekin batera kartzelatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.