COVID-19aren proban positibo eman dute 229 herritarrek Hegoaldean, atzo baino 23 gehiagok. Positibo gehienak Nafarroan detektatu dituzte, eta igoera nabarmena izan da herrialde horretan: atzo 66 kasu atzeman zituzten; gaur, berriz, 93. Bizkaian 86 kasu detektatu dituzte, eta Gipuzkoan, 35. Halaber, gora egin dute kasuek Araban: sei kasu atzeman zituzten atzo, eta 13 izan dira gaur. Gainera, hiru herrialdeetatik kanpoko beste bi kasu zenbatu dituzte.
Bilboko kasuek gora egin ostean, Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo jakinarazi zuen agerraldi bat detektatu zutela hiriko taberna batean. Azken hiru egunetan, 72 positibo atzeman dituzte hirian, eta gaur beste 23 gehitu behar zaizkio. Ermuan ere beste hemeretzi kasu detektatu dituzte, eta dagoeneko 153 dira larunbatetik herrian atzemandako kasuak. Sailburuak adierazi zuen Ermuko positibo ugarik lotura zutela inguruko beste herrietako agerraldiekin.
Gipuzkoan, hainbat herritan izandako agerraldiak kontrolpean daude oraintxe; besteak beste, Bergaran, Tolosan eta Zarautzen atzemandakoak. Halere, herri horietan gaueko aisialdia mugatua dago oraindik ere. Eibarren, aldiz, badirudi agerraldia ez dela erabat baretu, azken orduetan hamazazpi kasu detektatu baitituzte.
Halaber, Mendillorrin (Nafarroa) dago oraintxe agerraldirik indartsuena: orain arte, egun hauetan agerraldiarekin lotura duten 147 kasu detektatu dira. Auzoko gazte guztiak proba egitera deitu zituen Nafarroako Gobernuak, eta gaur 500 gaztek hartu dute txanda PCR proba egiteko. Nafarroako Osasun Sailak ez du argitu azken orduetan detektatu diren positiboetatik zenbatek duten lotura Mendillorriko agerraldiarekin.
Oinarrizko erreprodukzio zenbakia ere (R0) jakinarazi du Jaurlaritzako Osasun Sailak. Birusa duenak zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du tasa horrek. Asteburuan, bi puntutik gorakoa zen tasa: 2,27 larunbatean. Azken egunetan, aldiz, jaitsi egin da, eta gaur 1,49 da. Bestalde, lau herritar ospitaleratu dituzte azken orduetan gaitza dela eta, eta beste hiru ZIUan daude.