Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) lau ikerlarik egindako azterketa batek agerian utzi du lotura dagoela Donostian etxe turistikoak ugaritzearen eta alokairuen prezioa igotzearen artean. Aitziber Etxezarreta Etxarri, Julen Izagirre Olaizola, Jon Morandeira Arca eta Imanol Mozo Carollo ikerlarien lana Economic Research-Ekonomska Istraživanjak aldizkari zientifikoan argitaratu zen, apirilean.
Desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin donostiarren plataformak, aldizkari zientifikoan ateratako ikerketan oinarrituta, adierazi du«orain» dela aukera «Donostian alokairu turistikoa amaitzeko». Horretarako, alokairu turistikoa berriro arautzea proposatu du, «gaur egun dagoena kudeatuz, urratsez urrats praktika hori desagerrarazi arte».
EHUko ikerlariek egindako lana «Donostiako alokairuaren merkatuan eta etxebizitza turistikoei buruzko datu enpirikoetan» dago oinarrituta. Ikerketaren helburua da «eredu ekonomikoen bidez Airbnb-k Donostiako auzoetan duen presentziaren eta bizitegi alokairuaren prezioaren igoeraren arteko lotura zehaztea», eta, ikerketaren emaitzek adierazi dutenez, «Airbnb-ren presentzia zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa da alokairuko etxebizitzen prezioa»; hau da, «Airbnb-ren presentziak alokairuaren prezioa igo du».
Bizilagunekin plataformak —ikerketan oinarrituta— adierazi duenez, «etxejabe askok beren jabetzak alokairu merkatutik atera eta merkatu turistikoan eskaintzeko hautua egiten dute». Horren ondorioz, «gero eta etxebizitza gutxiago daude eskuragarri alokairuan, eta prezioak igo egiten dira». Donostiari dagokionez, «Airbnb-ren bidez eskainitako etxeen kopurua oso altua da»; 2017. urtean, hiriko hotel eskaintzaren antzekoa. Horrez gain, «etxebizitza turistikoen merkatuari dagokionez, datuek 'elkarlan ekonomia' izenaren atzean merkatu estraktibista eta monopolizatua dagoela agerian jartzen dute».
2017ko abuztuan, Donostiako Udalak etxebizitza turistikoak arautzeko beste ordenantza bat onartu zuen. Horrekin batera, «aurreko araudia betetzen ez zuten eta ordurako itxiarazita behar zuten dozenaka etxebizitza turistiko legeztatu» zituzten. Plataformak azaldu duenez, ordenantza berria betetzen zela bermatzeko izendatutako taldeak «ez zituen inoiz izan lan eskerga horretarako behar ziren giza baliabideak eta baliabide materialak», eta «lizentziarik gabe lan egiten zuten hainbat etxek martxan jarraitzen zuten». 2020ko urtarrilean, ordea, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliorik gabe utzi zuen Donostiako Udalaren ordenantza.
Donostiako pisu turistikoen eta alokairuen egoerari erreparatuz, desazkunde turistikoaren aldeko plataformak hurrengoa salatu du: «Mundu mailako pandemia baten erdian gaude, jende askoren bizi baldintzak estutuko dituen krisi ekonomiko baten atarian, hirian kroniko bihurtu den etxebizitza arazo batekin eta alokairu turistikoaren araudi eguneraturik gabe. Orain aurrerapauso bat emateko unea da. Donostiar gehienen aldeko urratsa, espekulazioa eta eskrupulurik gabeko etekina geldiarazteko».