Guardia Zibilen Batasuna sindikatuak salaketa bat jarri du Espainiako Auzitegi Nazionalean Altsasun (Nafarroa) datorren abuztuaren 29an egitekoa den Ospa Egunaren antolatzaileen kontra. «Terrorismoa goratzea» leporatu diete, eta eskatu dute bertan behera uzteko Espainiako segurtasun indarrak Euskal Herritik joateko eskatzeko protesta eguna.
Zuek zarete birusa leloa jarri diote aurtengo Ospa Egunari; guardia zibilek jarritako salaketaren arabera, horrek biktimak «umiliatzen» ditu.
Guardia zibilek urtero jo ohi dute Ospa Egunaren aurka. Iaz, AEGC guardia zibilen elkarteak Espainiako Fiskaltzari eskatu zion aztertzeko deialdia, eta hark eguna debekatzea galdegin zion Auzitegi Nazionalari. Ez zuten debekatu, baina segurtasun indarren zaintzapean igaro zuten eguna.