euskal presoak

Patxi Ruizek «balio handia» eman die bere gose greba garaiko mobilizazioei

Euskal presoak artikulu bat bidali du Amnistia Ta Askatasuna webgunera. 31 egun egin zituen gose greban, Murtzia II-n, eta bere osasunaren «zorigaiztoko amaiera batek» sor zezakeen egoera dela-eta utzi zuen.

Patxi Ruizen protestaren aldeko elkarretaratze bat, maiatzaren 21ean, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
2020ko uztailaren 22a
16:17
Entzun

Patxi Ruiz euskal presoak (AEM ingurua) Amnistia Ta Askatasuna webgunera bidali duen artikuluan esan du bere osasunaren «larriagotze edo zorigaiztoko amaiera batek» sor zezakeen egoera dela-eta utzi zuela gose greba, joan den ekainaren 10ean. 31 egun egin zituen gose greban —haren esanetan, lehen hamabi egunetan egarri greba ere egin zuen—. «Zapore mingotsarekin» utzi zion protestari, ezarritako helburuak lortu ez zirela aitortuta, baina nabarmendu du «balio handia» ematen diela gose greba garaian izandako mobilizazioei. «Sortutako mugimendua hazteko garaia» dela adierazi du idatzian, eta xedetzat jarri du «preso politiko guztiak, militantzia politikoko ereduetan bereizketarik egin gabe, askatzea lortu arte» mobilizatzea. «Antolaketa eta borroka» aldarrikatu du helburu hori lortzeko.

Murtzia II (Espainia) kartzelan daukate Ruiz, eta «borroka politikoa» hasi eta egun batzuetara zabaldu zituen aldarrikapenak; besteak beste, espetxeak bere osasuna bermatzea eta euskal preso guztiak Euskal Herriratzea. Artikuluan esan du, «hormaren bi aldeetan egindako borrokari esker», bere bizitza orain ez dagoela lehengo «arrisku berean».

Azaldu du protestan hogei egun inguru zeramatzala hasi zela Euskal Herriko kaleetan gertatzen ari zenari buruzko «ideia argiagoa» izaten. «Balio izan du preso politikook jasaten dugun egoera berriz ere mahai gainean jartzeko, merezi duen ikusgarritasuna eta premia emanez».

Eskerrak

AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren, xede horien alde lan egiten duten beste talde batzuen eta «euskal gazteria errebeldearen» lana eskertu ditu euskal presoak. Halaber, «esker ona» agertu die Murtzia II-n dauden «lagunei»; «borrokan egon naizen denbora honetan eskaini didaten errespetu eta tratu onagatik». Ruizen iritzian, ezker abertzaleko «sektore ofizialistak» bere aferan egindako kudeaketak ez zuen »eraginkortasunik izan edo fruiturik eman».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.