Euskal presoak

«Motxiladun umeak gurasorik gabe bizitzera kondenatzen» ari direla salatu du Sarek

Haur motxiladunen senideek agerraldi bat egin dute gaur Durangon. Bertan, «haserrea, mina eta inpotentzia» adierazi dituzte.

Sareren agerraldia gaur goizean, Durangon. ARITZ LOIOL / FOKU
Oihane Puertas ONA
2020ko uztailaren 21a
13:36
Entzun

Haur motxiladunen senideek —aita, ama edo bi gurasoak espetxean dituzten haurrenek— agerraldi bat egin dute gaur goizean Durangon (Bizkaia). Bertan, «haserrea, mina eta inpotentzia» adierazi dituzte; izan ere, haurrek «urte erdia daramate aitarekin, amarekin edo kasu batzuetan biekin egon gabe». Egoeraren «gogortasun eta krudeltasunak» bultzatu ditu «ezkutuan dagoen errealitate hau» kontatzera.

Haur motxiladunek bizi duten egoerari beste zailtasun bat gehitu zaio azken hilabeteotan: koronabirusa. Sarek haur horien inguruko lanketa abiatu zuenean esan zuen «motxiladun haurrek zigor hirukoitza bizi zutela; egunerokoan guraso presoarekin ezin egona, gurasoei aplikatzen zaien salbuespen legedia dela-eta beraiek noizbait etxean izateko esperantza ere ukatzea, eta, urrunketa medio, eurak ikusteko egin beharreko milaka kilometroak». Baina orain, COVID-19a dela-eta, aurrekoari haurrak «aitarekin, amarekin edo biekin hilabete luzez ezin egotea gehitu zaie».

Haur gehienek otsailetik ez dute gurasoekin berriro egoteko aukerarik izan, eta «motxiladun umeak gurasorik gabe bizitzera kondenatzen» ari direla salatu du Sarek.

Espainiako Estatuan mintzategiko bisitak egiten hasi diren arren, presondegi gehienetan ezin da aurrez aurreko bisitarik egin. Badira uztailean gurasoak bisitatzera joateko aukera izan duten haurrak, baina, horien kasuan, «guraso presoa kristal baten atzean ikusi edo bidaia ohiz kanpoko baldintzetan egin behar izan dute». Kartzela batzuetan, abuztuan familiarteko aurrez aurrekoak egiteko aukera izango dute. Beste batzuetan, ordea, «abuztuan ere ez dute familia arteko aurrez aurrekorik izango».

Frantziako espetxeetan gurasoak dituzten haurrak «otsailetik uztailera arte egon dira eurekin egon ezinik». Gainera, bisitetan segurtasun neurriak bete behar izan dituzte; esate baterako, «musukoa, aita presoa ezin ukitua...».

Espetxean bizi diren haur motxiladunen egoera «bereziki larria» dela salatu dute; izan ere, «hainbat arrazoirengatik, hiru amak 10-15 eguneko konfinamendua» egin behar izan dute, haietako bik euren umeekin. Hortaz, «eguneko 21 ordu pasatu behar izan dituzte ziegan umearekin». Koronabirusaren aurreko egoeran, haur horiek asteburuak senideekin pasatzen zituzten, kanpoan, «kalearekiko lotura sendotzeko ezinbesteko prozesu progresiboa» delako. Baina, oraingo egoeran, «irteera horiek etenda daude», eta horrek «umearen erritmoan eta egokitzapenean izan dezakeen eragina latza izan daiteke».

Normaltasun berrirako deia egin du Sarek: «Denok hobeto biziko garen normaltssun bat behar dugu, umeek gurasoekin egoteko aukera ukatua egongo ez duten normaltasun berria, euskal presorik gabeko normaltasuna». Normaltasun hori «posible» dela gaineratu du. Horrez gain, jakitera eman dute Arartekoari bilera eskatuko diola, egoeraren berri emateko, baita Espainiako Gobernuko ordezkariari ere, «azken horrek duen ardura kontuan harturik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.