Bizikidetza

Nafarroako preso guztiak Iruñeko kartzelara ekartzeko eskatu du Foro Sozialak

Iraganean ainguratutako sektoreen aurrean «iparra ez galtzeko» eta bizikidetzan urratsak egiteko beharra azpimarratu diete Nafarroako gizarte eta politika eragileei eta batik bat gobernuari

Teresa Fagoaga eta Fernando Armendariz, gaur, Iruñeko Kondestablen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2020ko uztailaren 21a
13:15
Entzun

Otsailean eta martxoan, Nafarroako Gobernuak Bizikidetzaren Liburu Irekia delakoari ekarpenak egiteko prozesua egin zuen. Foro Sozialak, egitasmo hori «ontzat» jo, eta prozesu horretan egindako ekarpenak aurkeztu ditu gaur, Iruñeko Kondestablearen jauregian. Horien artean dago, pandemiaren testuinguru honetan, Nafarroako preso guztiak Iruñeko kartzelara hurbiltzea. Pandemiaren nondik norakoez harago ere, Foro Sozialak uste du egungo legealdian «pauso irmoak» eman behar direla preso nafarrei eta iheslari eta deportatuei «espetxe politika normalizatu bat aplikatzeko».

Teresa Fagoagak eta Fernando Armendariz Foro Sozialeko kideek eman dute ekarpenen berri gaurko agerraldian. Konfinamenduan «oso dinamika interesgarriak» izan direla deritzote. Nafarroan, Salhaketak, Etxerat-ek, Altsasuko Gurasoek eta Sarek bat egin dute, eta haien SOS-COVID-19 egitasmoak «adostasun zabala» bildu du hala alderdien nola sindikatuen artean. Dinamika hark proposatzen zuen bezala, «premiazkoa eta zentzuzkoa» iruditzen zaio Foro Sozialari une hau baliatzea aurrerapausoak emateko espetxe politikan. Hartara, Nafarroako Gobernuari galdegin dio presoak hurbiltzeko plan orokor bat egitea, Eusko Jaurlaritzak egin moduan, osasun publikoa babesteko.

Halaber, Foro Sozialak kezka adierazi du azken hilabeteetan bizikidetzari buruzko eztabaida «katramilatu» egin delako, eta «elkarren kontrako bi eremutatik tentsioa jarri delako». Foro Sozialaren ustez, sektoreon presioak «arriskuan» jarri ditu aurreko urteetan eta hilabeteetan alor horretan eman diren aurrerapausoak. Iraganean ainguratuta daudela deritzo, eta politikoki «ongi definituta» daudela: «Alde batetik, nahiz eta oso sektore minoritarioa izan, bake prozesuaren ukatzaileak daude, eta krispazioa sortzen dute; bestetik, garaileen eta garaituen logiketan ainguratuta dagoen lobbya dago: pisu garrantzitsua du, eta aurrerapenak baldintzatzen ditu».

Adibidez, Patxi Ruizen gose grebaren harira sortu da eztabaida. Preso gisa dituen eskubideen aldeko aldarrikapenak nahastu egin dira hari leporatutako Tomas Caballero UPNko zinegotziaren hilketarekin. Eztabaidaren harira, Foro Sozialak uste du «biktimek birbiktimizazio egoerarik jasan behar izateko bateragarria izan beharko litzatekeela presoen eskubideen defentsarekin». Gaineratu dutenez, indarkeria adierazpen guztien biktima guztiek egia, justizia eta erreparazioa izateko eskubideak «eskutik helduta joan behar du» salbuespenezko espetxe politika amaiarazteko eskubidearekin. Horregatik, auzi horretan, Foro Sozialak nabarmendu du ezbaia ez dela biktimak edo presoak, «biktimak eta presoak baizik».

Foro Sozialak nabarmendu du aurreko legealdian eta azken hilabetetan lan asko egin dela elkarbizitzaren aldeko bidean, eta, adostasunak lortu diren honetan, eragile guztiei «iparra ez galtzeko» eskatu die. «Ez utzi arrastaka eramaten iraganean ainguratuta dauden sektore horiengatik, orain arte aurreratutako bidea desegitea baino ez baitute helburu», argudiatu dute. «Zailtasunak handiak dira Nafarroan, baina argi izan behar dugu Nafarroako gizartearen gehiengoa konponbidearen eta bizikidetzaren logiketan dagoela».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.