Neurriak zorroztuko dituzte Ermuan eta Bergaran

Asteburuan foku bat atzeman dute Ermuan, 71 kasurekin, eta Bergaran 11 positibo atzeman zituzten atzo.

Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburua larunbateko agerraldian. JAVIER ETXEZARRETA/ FOKU
2020ko uztailaren 20a
19:09
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak larunbatean jakinarazi zuen agerraldi bat atzeman zutela Ermuan (Bizkaia), batik bat Eibarko eta Zarauzko fokuekin lotuta. Asteburuan, 71 herritarrek eman dute positibo. Hori ikusita, Ermuko Udalak tabernetako edukiera erdira murriztea erabaki du. Gainera, ezingo da barran kontsumitu, eta taberna guztiek 23:30ean itxi beharko dute. 

Bergaran (Gipuzkoa) ere nabarmen hazi dira kasuak. 11 positibo atzeman zituzten atzo, eta Osasun Saila aztertzen ari da ea kutsatze horiek tokiko aisialdiarekin lotuta dauden edo kanpotik ekarriak diren. Osasun sailburuak jakinarazi du %50era murriztuko dutela tabernen eta jatetxeen edukiera han ere, eta kiroldegian murrizketak ezarri ditu Bergarako Udalak. Barruko ikastaroak bertan behera utzi ditu, gimnasioa itxi du, eta kanpoko igerilekuaren edukiera %40ra murriztu du. Liburutegiaren zerbitzua ere soilik maileguetara murriztuko da.

Oldarraldi berriak direla eta, Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi du ez dutela baztertzen datozen egunetan neurri murriztaileagoak hartzea aisialdiari begira, orain arte hainbat herritan egin duten moduan.

Ermuko Udalak «festa alternatiboak» zigortuko ditu

Juan Carlos Abascal Ermuko alkateak ohartarazi du festen harira egiten den edozein «ekintza alternatibo» zigortzeko eskaera egingo duela, eta «osasun publikoaren aurkako delitutzat» har daitezkeela ekintza horiek. Izan ere, herritar batzuek «txupinazoak» edo «festa alternatiboak» antolatzeko asmoa dutela jakin du udalak.

Positiboek nabarmen egin dute gora asteburuan Ermuan. Udalak atzo jakinarazi zuen 48 kasu detektatu dituztela herrian —gaur 71ra igo da zifra hori—, eta kutsatuen %80 16 eta 22 urte bitarteko gazteak direla. Ustez, selektibitate osteko ospakizunekin lotuta daude kasu horiek. Udalak gogorarazi du positibo eman dutenek bakarturik egon behar dutela, eta hurbilekoek PCR proba egin behar dutela, fokua kontrolatu eta beste transmisiorik izan ez dadin.  

Aisialdi giroan gertatu dira azken egunetan kasurik gehienak, eta kezka gune dira herri eta hirietako festen harira sortu daitezkeen ospakizunak. Sukarrietako Udalak (Bizkaia) «arduraz» jokatzea galdegin die herritarrei, eta aisialdi jarduerarik ez antolatzeko, bereziki talde handian badira. Udalak adierazi du ez duela zentzurik jaiak bertan behera uzteak bestelako ekintzekin herritarren osasuna «arriskuan» jartzen bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.