Dagoeneko 1.077 pertsonarekin probatu dute Oxfordeko Unibertsitatean COVID-19 gaitza eragiten duen birusaren kontrako txertoa, eta emaitzek itxaropena piztu dute; ikertzaileen arabera, gaiak ez duelako nahi gabeko kalterik sortzen, eta gorputzaren immunitate sistemaren erantzuna eragiten duela frogatu dutelako.
Egunotako agerraldiek erakusten dute txertoa eduki arte, edo behar adina pertsonak immunitatea garatu arte, jendearen bizimodua hankaz gora jartzen jarraituko duela birusak. Horregatik, munduko laborategiak lasterketa bizian dabiltza txerto bat garatzeko. Horietako 23 proba klinikoetan daude dagoeneko —jendearekin probatzen, alegia—, eta beste 140, berriz, ikerketaren hasieran daude.
ChAdOx1 nCoV-19 izena jarri diote Oxfordeko ikertzaileek euren txertoari. Txinpantzeen artean hotzeria sortzen duen birus bat hartu dute, eta genetikoki eraldatu dute, koronabirusaren antza har dezan, baina gizakiei infekzioa eragin gabe. Horrela, giza gorputzak aukera izango du birusaren mekanismoak ezagutzeko, eta haren kontrako antigorputzak sortzeko. Horrez gain, txertoak T-zelulak aktibatzen ditu: horiek, birusei erasan beharrean, infektaturiko zelulak ezagutu eta suntsitzen dituzte.
Oxfordeko ikertzaileek The Lancet aldizkarian argitaratu dutenez, txertoa jarri eta 14 egunera sortu dituzte subjektuen gorputzek T-zelula eta antigorputz gehien. Edonola ere, oraindik ez dakite zenbat denbora iraun dezaketen gorputzak babesten. Horretarako, proba gehiago egin beharko dituzte. Dosi bat hartu ondoren, subjektuen %90ek garatu dituzte antigorputzak. Bakarrik hamar lagunek behar izan zuten bigarren dosia.
Probatzaileen %70ek sukarra edo buruko mina eduki zuten txertoa hartu ondoren, baina kalterik ez.
Datozen egunotan milaka pertsonarekin egingo dituzte probak munduko hainbat herrialdetan.
Dena ondo bidean, txertoa urtearen amaierarako egon daiteke prest. Baina ekoizteko baliabideak mugatuak direnez, ez da leku guztietan eta herritar ororentzat aldi berean eskuragarri egongo.
The Lancet aldizkariak Txinan garatzen ari diren txertoaren inguruko emaitzak ere argitaratu ditu gaur, eta Oxfordeko proben antzekoak dira. Dagoeneko hirugarren fasean daude, hau da, jende askorekin probatzen. Giza hotzeriaren birusa erabili dute txinatarrek, eta Wuhanen probatu dute, 500 boluntariorekin. Uste denez, hiri horretan zabaltzen hasi zen COVID-19 eragiten duen koronabirusa.