2017-2018 denboraldian jokatu zuen azken aldiz Realak Europan. Orduan ere azken jardunaldian lortu zuen sailkapena, Juanmi Jimenez Celtaren zelaian luzapenean sartutako gol bat esker. Antzera gertatu da oraingoan. Juanmiren ordez Adnan Januzaj izan da gola egin duena, Atletico Madrilen zelaian, faltaz, neurketa amaitzeko hiru minutu falta zirenean. Hala, Imanolen taldeak seigarren amaitu du liga, eta atarikorik jokatu behar izan gabe ariko da Europan. Sufrituta, eta Espainiako Kopako finala noiz jokatuko den argitu ez bada ere, ginga jarri dio denboraldi oso on bati.
Realari eta Atletico Madrili berdinketak balio zien beren helburuak lortzeko. Baina Imanolen taldearentzat beti izan da zaila Atletico Madrilen zelaian jokatzea; arrazoi askorengatik, gainera. Zazpi denboraldi zeramatzan han irabazi gabe, eta Simeoneren taldea ezer oparitu ohi ez duen horietakoa da. Hala izan da oraingoan ere. Realari kostatu egin zaio partidan sartzea, eta lehen minutuetan Atletico Madril hobeto aritu da. Baina partida orekatuz joan da. Atletico Madrilek jokatu ohi dituen partida gehienak bezala, oso taktikoa izan da. Etxekoek gutxi behar dute gola egiteko, eta beste behin erakutsi dute. 30. minutuan lortu du Kokek, Reala bigun aritu baita defentsan. Baloia Moratari ailegatu, hark Kokeri utzi dio, eta jaurtiketa indartsu batekin gola egin du. Realak ez du aukera askorik izan lehen 45 minutuetan.
Bigarrenean, Imanolek eskema aldatu du. Hiru erdiko atzelariekin jokatu beharrean, Llorente kendu eta birekin aritu da. Gainera, Barrenetxearen eta Porturen zelairatzearekin sakontasuna irabazi du. Pixkanaka txuri-urdinek gora egin dute, nahiz eta jakin Atletico Madrilek kontraerasoan min handia egin zezakeela, eta partida erabakita utzi. Baina ez da hala izan. Realak denboraldi osoan erakutsitako joko zuzenaren zantzu batzuk azaldu ditu. 83. minutuak Portuk izan du aukera garbia. Baina Oblakek esku ona atera du. Ondoren etxekoek izan dute gertu bigarrena, baina Moyak ondo konpondu du berak egindako akatsa, Carrascori gelditu ona eginez. 87. minutuan, ordea, saria izan du talde txuri-urdinak. Falta atera, eta Januzajek gola egin du. Oblakek berandu ikusi du, eta Reala Europan da. Jokalariek eta Imanolek zelaian ospatu dute sailkapena.
Beste euskal taldeentzat ere amaitu da denboraldia, modu kaskarrean, gainera. Izan ere, jokoan ezer ez eduki arrean, partida kaskarrak jokatu eta Alavesek 0-5 galdu du Bartzelonaren aurka, Eibarrek 0-4 Vila-Realen zelaian, eta Athleticek beste horrenbeste Granadarenean. Osasuna zen etxean jokatzen zuen bakarra, eta bina berdindu du.