Biga Bai eskola publikoko sail elebiduneko guraso elkarteak «fermuki» salatu du Bordeleko errektoretzaren erabakia. Heldu den ikasturtean Hiriburuko (Lapurdi) eskola publikoan euskara hutsezko esperimentazio proiektu bat abiatzea ukatu du errektoretzak, derrigorrezko irakaskuntza frantsesez egin behar dela argudiatuta. Prentsaurrekoa egin zuten atzo EEP Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariek, eta jakinarazi zuten gutun bateratua idatzi diotela Jean Michel Blanquer Hezkuntza ministroari; bilkura ere eskatu diote EEPko administrari eta Ipar Euskal Herriko parlamentarien izenean, baina, oraingoz, ez dute erantzunik jaso. Bihar izanen da Euskal Elkargoko lehen biltzarra Baionan, ondoko sei urteetarako lehendakaria hautatzeko, eta, egun horretan, elkargoko biltzarrak euskarazko irakaskuntzaren aldeko mozio bat izenpetzea proposatuko dute.
Biga Bairen hitzetan, Bordeleko errektoretzaren jarrera «kolpe bortitza da» euskararen irakaskuntzarentzat. «Gaur egun martxan diren murgiltze esperimentazioek argi erakusten digute gurasoei sistema ona dela, funtzionatzen duela, eta ez duela batere eragin txarrik haurren emaitzetan, dela frantsesean edo edozein ikasgaitan», adierazi dute agiri batean. Guraso elkartearen iritziz, haurrak denbora osoan euskaraz eskolatuak direlarik, aise «fiteago» eta «hobeki» menperatzen dute hizkuntza, «errazkiago» komunikatzen dute eta «zailtasun gutiago» dute ondotik elebidunean segitzeko. Adierazi dute sail elebidun guzietara hedatu behar litzateke murgiltze garai bat eskolatze hastapenean, «maila oneko ikasle eta elebidun orekatuen bermatzeko».
Euskararen transmisioan diren erronkak ikusita, «murgiltze» esperimentazioen «kontra» doan Frantziako Hezkuntza ministerioaren politika «onartezina» da, Biga Bairen arabera. «Tokiko hizkuntzen kontrako jarrera du hor agertzen, horien babestea duelarik betebeharra. Ikusiz irakaskuntza horretan erabilitako baliabide publikoak eta hainbat erakunderen ahaleginak euskararen irakaskuntza garatzeko, oso inkoherentea eta ulertezina zaigu erabaki hau», adierazi du.
«Kutsu nazionalista inposatzailea»
EH Baik «gogorki » salatu du Bordeleko errektoretzaren erabakia. « 2019ko uztailaren 26ko legea aitzakiatzat hartuz, Hezkunde Nazionalak euskararen transmisioan eskolan duen premiazko rolari bizkar ematen dio», adierazi du mugimendu politikoak. Halaber, Hiriburuko eskolako «familien gehiengoaren borondatearen kontra» joatea leporatu dio, euskara hutsezko irakaskuntzaren esperimentazioari «oztopo eta mehatxu larria» ematen dizkiola erranez. «Erabaki horrek ez dauka oinarri pedagogikorik, ez arrazoi ekonomikorik. Frantses gobernuaren eta Hezkuntza ministerioaren postura ideologiko baten ondorioa da».
Ezkerreko abertzaleen hitzetan, Frantziako Estatuak Euskal Herriarekiko duen «ukazio jarreran» segitzen duela erakusten du. «Hizkuntza politikaren inguruan Ipar Euskal Herrian den adostasun zabala mespretxatu, eta kutsu nazionalista inposatzailea duen doktrina bat berretsiz: frantsesa dela errepublikaren hizkuntza bakarra» EH Bairen ustez, «pertsona eleaniztunez osatua den Euskal Herri euskaldunaren eraikitzeko hizkuntza politika ausarta beharrezkoa da». Horregatik, euskarak hezkuntzan izan behar duen tokia Euskal Herritik beretik finkatu ahal izateko, erabaki guneak bertaratu behar direla berretsi du.