Memoria

Ovidio Ferreiraren omenaldian daudenak identifikatu eta mehatxatu ditu Ertzaintzak

«Hau Espainia da, eta gazteleraz hitz egiten da», esan dio ertzainetako batek gazte bati.

Ertzaintza, Ovidio Ferreiraren omenaldian. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
gotzon hermosilla
2020ko uztailaren 14a
13:52
Entzun

Ovidio Ferreira omendu dute gaur Bilbon, haren hilketaren 39. urteurrenean. Omenaldia egiten ari zirela, ordea, Ertzaintzaren bi auto eta furgoneta bat azaldu dira, eta dokumentazioa eskatzen hasi zaizkie omenaldian parte hartzen ari ziren herritarrei. Irudiak hartzen ari ziren herritarrak eta kazetariak mehatxatu dituzte. 

Legez kanpoko elkarretaratzea egitea eta segurtasun tartea ez betetzea leporatu diete omenaldian parte hartzen ari zirenei. Omenaldira joan den ertzainetako batek han zegoen gazte bat mehatxatu du, gainera, euskaraz mintzatzeagatik. «Hau Espainia da, eta hemen gazteleraz hitz egiten da» bota dio ertzainak.

1981eko uztailean hil zuten, tiroz, Ovidio Ferreira Martin egunkari banatzailea, 29 urte zituela. Bertsio ofizialaren arabera, ETAk hil zuen, eta ETAren biktimatzat hartzen dute agiri ofizialek. Etxebarrieta Memoria Elkarteak eta hildako gaztearen sendiak, ordea, urteak daramatzate eskatzen justizia egin dadila eta argitu dadila ez zela ETAren eskuetan hil Ferreira.

Familiak dio Espainiako Poliziak hil zuela, Joaquin Gorjon guardia zibila hil ondorengo polizia operazioan. Gorjon hil zuten etakideen atzetik zihoazen poliziak, Bilboko Zazpikaleetan. Familiak dio horien aurka egindako tiro baten ondorioz hil zela Ferreira, egunkariak banatzen ari zela.

Uztailaren 10a zen, eta polizia tiroka ari zen etakideen atzetik. Bi tirok Ferreira jo zuten, atari batetik irteten ari zela. Ondoren, Santiago plazan, Aurora Mugika herritarra ere zauritu zuten, balaz. Ferreira lau egunez egon zen Basurtuko erietxean, harik eta hilaren 14an hil zen arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.