Artikoko kasko polarra erdira murriztu da 40 urtean. Hala jakinarazi du Errusiako Rosgidroment hidrometeorologia agentziako zerbitzuburu Igor Shumakovek. «2007an, Artikoko izotz geruzaren zabalera minimo historikora heldu zen: 4,19 milioi metro koadrora», nabarmendu du Shumakovek.
Hala, azken urtetako datuak ere eman ditu. 2012an, 3,35 milioi kilometro koadro izotz zeuden, eta 2019an, berriz, 4,1 milioi kilometro koadro. 1980ko datuekin alderatuta, erdia da hori. Izan ere, 1980an, 7,6 milioi kilometro koadro izotz zeuden, eta 1983an, berriz, 7,28. Shumakovek nabarmendu du, gainera, urtetik urtera izotz geruza gero eta meharragoa dela eta Errusia iparraldeko itsasoetako bankisa ia desagertu egin dela.
«Neguan, urtaroari dagokion izotz geruza lodi batez estaltzen da Ipar Itsasoa, baina izotza eratzen eta desagertzen den denbora aldatu egin da. Gaur egun, urrian eta azaroan sortzen da, eta maiatzean urtzen da. Hori, batez ere, Txukotkako itsasoan nabaritzen da», azpimarratu du. Zientzialarien arabera, klima aldaketak batez ere Artikoan du eragina, eskualde horretan batezbesteko globala baino lau aldiz azkarrago igotzen baita tenperatura.
Espedizioak egiteko zailtasuna
Izotzaren urtzeak bertzeak bertze Ipar Polorako espedizio tradizionalak egiteko zailtasuna sortzen duela nabarmendu du Roman Vilfande Rosgidroment hidrometeorologia agentziako ikerketa arduradunak. «Gaur egungo baldintzetan, ezinezkoa da iceberg bat aurkitzea», nabarmendu du Vilfrandek. Nabarmendu du icebergek apurtzeko arrisku handia dutela eta, ondorioz, arriskutsua dela espedizioak egitea.