Ordiziako alkatearen lana indarkeriarekin parekatu du Ciudadanoseko Cantok

Hauteskunde mahaietako kideei tenperatura hartzen laguntzen aritu zen atzo EH Bilduko Adur Ezenarro, eta hori ETAren ekintzekin konparatu zuen diputatuak.

Ciudadanoseko Valentziako buru, Toni Canto, Valentziako Parlamentuan, 2019ko urrian. MANUEL BRUQUE / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko uztailaren 13a
14:42
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako atzoko hauteskundeetan, begirada asko Ordizian (Gipuzkoa) egon ziren jarrita, aurreko astean han koronabirusaren agerraldia pairatu zutelako. Bozketarako, segurtasun neurri bereziak jarri zituen udalak, kutsatzeak eragozteko, eta Adur Ezenarro alkatea (EH) horretan laguntzen aritu zen, hauteskunde mahaietan zeuden herritarrei tenperatura hartzen, kontakturik gabeko termometro batekin. Espainiako hedabide askok kazetariak bidali zituzten Ordiziara, eta horietako batek alkatearen lanaren irudi bat hartu zuen, eta sare sozialetan zabaldu. Irudi horretan, Ezenarro ageri da, termometroa erabiliz herritar bati kopetako tenperatura neurtzen.

Madrilgo hedabide batek mezua zabaldu zuen Twitterren irudiarekin, eta Toni Canto Ciudadanos alderdiko Espainiako Kongresuko diputatuak erantzun egin zion txioari honako mezu honekin: «Normaltasun berria. Orain ez dute garondora apuntatzen».

 

Monica Oltra diputatuak (Compromis) Cantoren mezua gaitzetsi zuen. «Benetan uste nuen txioa faltsua zela, ezin nuelako sinetsi. Ez dut hitzik. Zelako gizatasun mota du txio horrek? Sekulako tristezia! Eta etsipen are handiagoa». Canto bezala, Valentziakoa (Herrialde Katalanak) da Oltra.

 

Ez da, ordea, Cantoren lehena. Politikariak sortu du harrabotsa, lehen ere, Twitterren. 2013. urtean, barre egin zion Mariano Rajoy Espainiako presidenteari, haren hitz egiteko moduarengatik. Bere alderdiko Rosa Diezek ere txarretsi zion txioa, eta, azkenean, barkamena eskatu zuen diputatuak.

 

EH Bilduk 230 boto gehiago eskuratu zituen Ordizian atzoko bozetan, aurreko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeekin parekatuta: 1.747 boto, denera. Cantoren alderdia PPrekin koalizioan aurkeztu zen bozetara, baina elkartzeak ez die botoak gehitzea ekarri. Izan ere, 2016an, bananduta aurkeztu arren, PPk eta Ciudadanosek 129.284 boto eskuratu zituzten. Baina, atzo, 100.000 botoren langatik oso behera geratu zen koalizioa; botoen %6,7 eskuratu zituen, eta bost eserlekurekin geratu da, Gipuzkoan bakarra irabazita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.