GAKOAK

Gehiengoarekin gobernatu ahalko dute EAJk eta PSE-EEk

Jeltzaleek azken urteetako eserleku kopururik handiena eskuratu dute, eta PSE-EErekin aise dute gehiengoa, nahiz eta sozialistek ez duten lortu emaitzak hobetzea. EH Bildu ere indartuta irten da bozetatik, ordezkaritza handiagoarekin. Elkarrekin Podemosek galera izan du, eta PP-Ciudadanos koalizioak ez du arrakastarik bildu.

Idoia Mendia PSE-EEko hautagaia eta Iñigo Urkullu EAJkoa, legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. ADRIAN RUIZ DE HIERRO, EFE
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko uztailaren 12a
22:25
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako botoen kontaketa amaituta, mahai gainean daude datorren parlamentuari begirako lehen ondorioak. Hona bost gako:

1. EAJk eta PSE-EEk, gehiengo osoa. Azken legealdian elkarrekin aritu dira Eusko Jaurlaritzan EAJ eta PSE-EE —akordioak dituzte aldundietan eta udal batzuetan ere—, baina ez dute gehiengo osorik izan legebiltzarrean, gutxigatik: 38 eserlekuan dago gehiengoa, eta 37 zeuzkaten. Datorren legealdian, ordea, gehiengoa izango dute: 41 ordezkari. Igoera horren oinarrian jeltzaleen igoera dago —31 ordezkari lortu dituzte, aurrekoan baino hiru gehiago, eta bakarrik aurkeztuta 1984az geroztik izan duten eserleku kopururik handiena—. PSE-EEk ez du igoera adierazgarririk izan: hamar ordezkari lortu ditu, 2016an baino bat gehiago, eta 2012az atzerako bozetan baino gutxiago.

2. EAJk eta EH Bilduk, hirutik bi baino gehiago. Gobernu akordiorako zirrikiturik apenas dago, baina aintzat hartzekoa da bozetako bi garaile nagusiek zenbateko presentzia hartuko duten legebiltzarrean: 75 ordezkarietatik 53 izango dituzte EAJk eta EH Bilduk. Alegia, hiru legebiltzarkidetik bi baino gehiago. 2016an 46 ordezkari zituzten: hiruna irabazi dituzte.

3. Ezkerreko blokea: gehiengoa, ozta-ozta. Elkarrekin Podemosek ardatz gisa hartu du bozetako kanpainan: EH Bilduren, Elkarrekin Podemosen eta PSE-EEren artean egitea akordioa, aintzat hartuta ezkerreko talde horiek gehiengoa luketela. Gutxigatik, baina izango lukete gehiengoa: 38 eserleku dituzte. Dena dela, proposamenak ez du harrera berorik izan beste taldeei dagokienez. Elkarrekin Podemosek berak atzera egin du, ordezkarien erdiak galduta: 11 izan ditu orain arte, eta sei izango ditu orain.

4. Vox, bai; Equo, ez. Espainiako alderdi ultraeskuindarra Eusko Legebiltzarrean izango da, Araban ordezkari bat lortuta. Legebiltzarreko gehiengoak ikusita, hala ere, benetako eragin ahalmen mugatua izango du, ikusgaitasunaz harago. Equo ezkerreko alderdiak, berriz, ez du lortu ordezkaririk: aurreko bozetan Elkarrekin Podemosekin batera aurkeztu zen Equo, eta parlamentuan izan da haren zerrendaburua, Jose Ramon Becerra. Botoen %1 bildu du hautagai zen herrialdean, Bizkaian.

5. PP-Ciudadanos koalizioa, arrakastarik gabe. Koalizio berri bat izan da hauteskundeetan: PPk eta Ciudadanosek osatua. Aldiz aldi indarra galtzen ari zen PP —2001ean hemeretzi aulki lortu zituen, eta harrezkero atzera ari da: 2016an, bederatzi atera zituen—, eta Ciudadanosek ez zuen ordezkaritzarik lortu azken bozetan. Elkarrekin aurkeztu dira orain, Carlos Iturgaiz buru dutela, baina ez dute lortu aurrerapausorik: bost kide izango dituzte legebiltzarrean, orain arte baino lau gutxiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.