Kronika

Maskaren azpiko galderak Errenterian eta Ordizian

Maskara jarrita bozkatu behar izan dute herritarrek, izurri betean. Asteon kasuek izan duten oldarraldiaren harira, Ordiziara begirako lerroburuek aparteko indarra hartu dute.  

arantxa iraola
2020ko uztailaren 12a
18:26
Entzun

Izurriak antzaldatu egin ditu jarduera asko, eta gaurko bozetan ere izan dira aparteko ezaugarriak, inoiz ikusi gabeak. Beste jarduera asko egiteko beharrezkoa den moduan, maskarak jantzita eramatea ezinbestekoa izan da, eskuak garbitzeko baliabideak jarri dira, botoa deus ukitu gabe emateko irizpideak eman dira, eta pilaketak eragozteko neurriak; hori horrela izan da botoa emateko antolatu diren leku guztietan. Hara irudia gaur goizean Errenterian (Gipuzkoa); jende ilara zegoen Merkatuzarren jarri dituzten hautetsontzietara sartzeko zain. Hara helduta, mahai bateko kideak dena ondo doala azaldu du: «Hemen, barruan, ez dugula pilaketarik izango agindu digute». Ez da betetzen zaila: toki zabala da, egokia. Kanpoan zailtasunak agerikoagoak izan dira; maldatxo bat igo behar da hara iristeko; justu heltzen ziren hainbat adineko pertsona. Ilaran, elkartasuna: «Pasa lasai: telebistan esan dute lehentasuna duzuela edadeko pertsonek». Lezioa ondo ikasita joan dira herritar asko. Pasadizo hutsez harago, ordea, deialdi honek, galderak utzi ditu: galdera handiak.

Osasuna bermatzeko hartu behar diren neurrien inguruko galdera handiak sortu dira, eta, areago sufragio eskubidearen ingurukoak; izan ere, botoa eman ezinik geratu dira birusaren ondorioz bakartuta dauden herritarrak, eta botoa aski egoera berezian eman ahal izan dute, birusa duten ziur ez dakiten arren, badaezpada ere «prebentzio» neurri gisara bakartuta daudenek. Ehunka pertsona dira erkidego osoan. Galdera zailak sortu dira horren harira: maskarek ezkutatu ezin dituztenak.

Begirada asko Ordiziara (Gipuzkoa) zuzendurik egon dira. Ezin bestela, asteon han COVID-19 kasuek izan duten oldarraldiak —73 positibo daude lotuta dagoeneko horrekin— boz hauen berezitasunak ageriago azaldu ditu herri horretan: biluziago. Hedabide ugari egon dira herrian, goiz-goizetik. Udalak aste osoan argi adierazi ditu bozen «segurtasunaren» inguruko zalantzak, eta aparteko neurriak hartu ditu gaur herritarren osasunean pentsatuz hartutako erabakiak «indartzeko».

Eguerdian, Ordiziako Beti Alai pilotalekuan ibili da Adur Ezenarro alkatea, hauteskundeetarako propio han antolatu dituzten mahaietan. «Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez ditu neurri gehigarriak hartu, eta udalak bere gain hartu ditu», adierazi du. Mahaietan dauden pertsonak babesteko estalkiak, babes maila handiagoko maskarak, pilaketak eragozteko aparteko baliabideak, talde kalteberek botoa azkarrago emateko bideak... Udalak sustatutako neurriak izan dira. «Eta eskertu egin didate herritarrek. Izan ere, ordiziarrek behar zuten erantzun ezberdin bat», azaldu du Ezenarrok. Oroitarazi du kasuen oldarraldiari aurre egite aldera, hainbat neurri ezarrita daudela herrian: maskaren erabilera, esaterako, ezinbestekoa da une oro han, tabernetako jarduera ere mugatuta dago, eta beste hainbat espaziotakoa ere bai. Aste osoan ibili da bueltaka udala, osasun baldintzak nola beteko, eta goragoko instituzioekin izan duten harremanari begira, arrangura ezin duela ezkutatu onartu du alkateak; erakunde autonomikoek, «ahaide handia» balira bezala, tokiko erakundeak «goitik» begiratu dituztela sentitu du. Horiek horrela, «tokiko erakundeek duten potentzialtasuna» aintzat hartzera deitu du: «Birus hau leku jakin batera heltzen denean, bertako jakinduria ez erabiltzea guztientzat kaltegarria dela iruditzen zait». Baina osasuna ez zen Ordiziako kezka bakarrik izan atzo; izurriak guztiz zedarritu ditu iragan hilabeteak, eta aski zen atzo goizean alderdi politikoek egin zituzten adierazpenak entzutea egoeraren bereziaz jabetzeko; gehienek «segurtasuna» eta «osasuna» izan zituzten hizpide.

Sufragio eskubidea

Udalak egindako kalkuluen arabera, Ordizian 40 bat lagun geratu dira gaur botoa eman ezinik, COVID-19arekin kutsatuta daudelako. «Gero, berrehundik gora pertsona daude zuzeneko kontaktua izateagatik berrogeialdian, nahiz eta PCR positiboa izan», azaldu du Ezenarrok. «Horiei ez zaie utzi mahaiko kide izaten; botoa ematen, bai». Egoera horiek artegatasuna eta ezinegona sortu dituzte herrian, eta beste biderik ezin ote zen landu: galdera horixe du alkateak. «Deigarria egiten da, gaur egun, XXI. gizaldian, bere gabezia guztiekin, baina baliabide handiak dituen erkidego honetako administrazioa ez gai izatea honelako egoera batean botoa emateko eskubidea bermatzeko». Birusaren ondorioz bakartuta dauden pertsonen gain «zama» handiegia jarri dela ere uste du:  «Esan da, esaterako, delitu bat egingo dutela botoa ematen badute. Zuri dagokizu haiei bide bat ematea segurtasunez bozkatzeko, eta, hori eskaini ez, eta gainera oraindik ere erantzukizun gehiago bota nahi diezu pertsona horiei?», galdetu du. Argi du ez dela Ordizian hasten eta amaitzen den arazo bat: «Oso bide arriskutsua ireki dezakete hauteskunde hauek, oso aurrekari arriskutsua izan daiteke».

Galdera handiak plazaratu ditu Ezenarrok. Kalean, igandeetako giroa izan da nagusi: terrazak jendez beteta, eta solaserako giroa. Maskararekin, hori bai, herritar guztiak: etengabe. Kirolariren bat eta umetxoak; beste inor ere ez dabil han maskararik gabe. Kartelak ere edonon ikus daitezke, maskara jantzita eraman behar dela diote: beti.

Botoa ematetik

Botoa ematetik irten den jendearen artean ere, lasaitasun giroa nagusi. Frontoian botoa emanda atera dira bazkaltzeko orduaren inguruan Nekane Apaolaza eta Imanol Otegi. Lasai eman dute botoa. «Hein handi batean, norberaren izaeraren araberakoa da hori», azaldu du Apaolazak. Onartu dute, hori bai, botoa ematera joan aurretik etxean ondo «prestatu» dituztela eraman beharreko guztiak, ez gorabeherarik izateko han tokian bertan. Otegik, hala ere, boz hauen inguruan zalantza handiak dituela adierazi du: «Bertan behera utzi behar lituzkete hauteskunde hauek: debekatu egin beharko lituzkete. Egoera honetan ez ziren egin behar».

Ordu horrexen bueltan, botoa eman eta gero, Mireia Olangua, amama besotik duela atera da «Oso lasai dago dena. Udala oso lan ona egiten ari da». Astean zehar Ordiziaren inguruan zabaldu diren berriek «kezka» sortu dutela onartu du, eta ardura pizte aldera erabili behar direla orain. «Baina ezin gara beldurrez bizi». Botoa eman dutenen artean, ehun urteko andre bat ere bai: Juani Exposito. Etxeko batek lagunduta iritsi da, eta kazetariei adierazi die ahal izan duen orotan jo duela hautetsontzietara: «Gernikako Estatutuaren gaineko boza egin zenetik». Parte hartzea eguerdian batezbestekotik gora ibili da herrian: %19,6.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.