Kanpainari amaiera eman zion atzo eskuin muturreko Vox alderdiak ere. Kanpaina honetan egin dituen ekitaldi gehienetan bezala, liskarrak izan ziren Gasteizen ere. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi du bi lagun atxilotu zituztela, eta jada aske daudela. Horrez gain, ekitaldiaren aurka protestan zen gazteetako bat zauritu zuen Ertzaintzak.
Voxen ekitaldia 20:00ak aldera hasi zen Arabako hiriburuan, orain arteko ekitaldi guztietan bezala, poliziak inguratuta. Ekitaldiaren aurka protesta egitera dozenaka lagun gerturatu ziren, talde antifaxistek deituta. Efe albiste agentziaren arabera, Voxeko buru Santiago Abascalek hitza hartu aurretik, ekitaldira gerturatutakoen eta protestan ari zirenen arteko enfrentamendu bat egon zen, eta Ertzaintza bigarren horien aurka oldartu zen.
Atxilotuez gain, hainbat lagun identifikatu zituzten, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Pare bat espediente ere ireki dituzte, Herritarren Segurtasunerako Legea —mozal legea bezala ezaguna— aplikatuta, agenteei iseka egitea eta objektuak jaurtitzea argudiatuta.