Hauteskunde Batzordeak dio bermeak daudela botoa emateko, «segmentu txiki batzuetan izan ezik»

Jaurlaritzak azaldu du gaur egun atzemandako positibo «aktiboak» 200 bat lagun direla eta horiek ezingo dutela botorik eman. Ordiziako Udalak PCR proban negatibo eman baina konfinatuta daudenei gomendatu die 14:00 eta 15:00 artean joateko botoa ematera, ordu horretan jende gutxiago joan ohi delako.

Ordiziako Jai Alai pilotalekua bozkaleku izango da etzi. JON ORDOñEZ GARMENDIA
Arantxa Iraola - Jon O. Urain
2020ko uztailaren 10a
13:32
Entzun

Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak gaur egindako bileran erabakitakoen berri eman du. Horien artean, berretsi egin du atzo hartutako erabakia; ontzat jo zituen Jaurlaritzako Osasun Sailak iganderako ezarritako segurtasun neurriak. Gaurko oharrean, ordea, azaldu du «administrazioak hartutako neurriek joan-etorriak baldintza egokietan bermatzen dituztela bozkatzera joan ahal izateko, biztanleen segmentu txiki batzuetan izan ezik, nahiko justifikatuta dauden osasun arrazoiak direla eta». Erantsi duenez, «ulertu behar da osasun agintaritzak baldintza egokiak ezarri dituela boto emaileen osasunerako eskubidea bermatzeko».

Igandeko hauteskundeetan botoa emateko segurtasun irizpideak bermatuta daudela azaldu dute Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak eta Osasun sailburu Nekane Murgak ere. Onartu dute pandemiaren ondorioz botoa eman ezinik geratuko direla hainbat lagun. «Batetik, sintomaren bat dutenek etxean geratu beharko dute, eta osasun zerbitzuekin harremanetan jarri», azaldu dute.

Gaur egun atzemandako positibo «aktiboak» 200 bat lagun direla esplikatu du Murgak, eta horiek ezingo dutela bozkatu, etxetik atera ezin dutenez gero. Beste 500 bat lagun etxean bakartuta daude positibo horien gertuan ibili direlako; PCR probetan negatibo eman dute, baina test horiek berriz egiteko zain daude, eta, ondorioz, kontuz ibili behar dute. Pertsona horiei guztiei bihar mezu bat helaraziko dietela azaldu du Murgak; botoa eman nahi badute horretarako bakarrik atera ahal izango direla gogoraraziko diete, eta segurtasun neurriak «zorrotz» betetzeko.

Horiez gandiko neurririk ezin dela hartu esan du Murgak, eta COVID-19rik gabe ere beti egon direla osasun arazoak tarteko botoa eman ezin izan duten pertsonak: «Tuberkulosia duten gaixoak, edo bihotzeko bat izan dutenak, edo iktus bat… Botoa emateko eskubidea eragozten duten eritasunak bestela ere hor daude. Orain, eta beste hauteskundeetan».

Beltran de Herediak azaldu du EAEko Hauteskunde Batzordeak erantzuna eman diola EH Bilduk igandeko bozen harira egindako galdera bati, eta «egokitzat» jo dituela horietan segurtasuna bermatzeko harutu diren neurriak.

Ordizian, aparteko neurriak

Edozein kasutan, igandeko bozketarako neurri bereziak iragarri ditu Ordiziako Udalak. Gaur goizean hasi dira hauteslekuak muntatzeko lanetan; hiruna mahai jarriko dituzte Beti Alai pilotalekuan eta Jakintza ikastolan, eta bina Urdaneta ikastetxeko frontoian eta Oianguren institutuan.

Neurrien artean, bat da esanguratsuena: Ordiziako Udala aztertzen ari da bozkatzera joango diren herritarrak egunean zehar banatu eta pilaketak ekiditeko ordu muga batzuk gomendatzea. Bestalde, PCR negatiboa duten baina konfinatuta daudenei gomendatu diete «ahal badute» 14:00etatik 15:00ak bitartean joateko botoa ematera, jende gutxiago joaten delako ordu horretan.

Gainera, hauteskunde egunean lanean egongo diren pertsona guztientzat FFP2 maskarak eskuratu ditu udalak, mahaikideentzat eta lanean ibiliko diren pertsona guztientzat eta hauteskundeen antolakuntzan arituko direnentzat, eta ilara gehigarri bat jarriko dute 65 urtetik gorako pertsonak eta haurdun dauden emakumeak zuzenean hautesmahaira lehentasunez bideratzeko.

Sarrera guztietan, gel hidroalkoholikoak eta desinfektatzeko gailuak herritarren eskura jarriko dituzte, eta baita botoa hartzeko kabina bakoitzean ere. Halaber, mahai bakoitzeko lehendakariak metakrilatozko pantailaz babestuko dira. Bozkatu behar duen pertsonak nortasun agiria erakutsiko dio pantaila horren beste aldetik, eta lehendakariari ez zaio agiria eskura emango. Bozka ematen den aldiro hautetsontzia desinfektatuko dute, eta horretarako produktuak izango dituzte.

Guztira, 6.996 ordiziar daude deituta igandean botoa ematera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.