Ertzaintzak bost pertsona atxilotu zituen atzo arratsaldean Barakaldon (Bizkaia), desordena publikoa egotzita, Vox alderdi ultraeskuindarraren ekitaldi baten kontrako protesta batean. Atzo gauean libre utzi zituzten, baina epailearen aurretik pasatu beharko dute, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldu duenez.
Ertzainak antifaxisten kontra oldartu ziren, eta manifestariek edukiontziak erre zituzten.
Bide Onera plazan egin zuten eskuin muturrekoek Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainako ekitaldia, eta 50 bat pertsona elkartu ziren. Horren aurretik, 18:45 aldera, bostehun bat lagun batu ziren Voxeko ordezkarien aurrean. Aldarri antifaxistak oihukatu zituzten, eta errefuxiatuen eta kolektibo feministen aldeko pankartak erakutsi zituzten. Inguruan bizi diren hainbat herritarrek ikurrinak jarri zituzten balkoietan.