«Funtsean, ez nago inolaz ere ados Hezkuntza Sailak euskara zerbitzuaren inguruan hartu dituen erabakiekin». Horrela azaldu dio Iñigo Barruso Hezkuntza Saileko euskara zerbitzuko buru ohiak bere postua utzi izanaren arrazoia BERRIAri. Erabaki berri du datorren ikasturtean ez duela jarraituko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko euskara zerbitzuaren buru izaten. «Erabaki dut ez dudala nik kudeatuko beste batzuek egindako kaltea».
Euskara zerbitzuan langile gutxiago izango dituztela salatu du: «Kontua da euskara zerbitzuko programetan 140 pertsona aritu direla lanean orain arte, eta, momentu honetan, 47 kalean daudela». Haren hitzetan, horrela ezin zaie «inolaz ere» erantzun euskara zerbitzuak dauzkan helburuei eta zereginei.
Barrusok Irale eta euskal girotze barnetegiak izan ditu hizpide. BERRIAk iragarri zuenez, Eusko Jaurlaritzak bertan behera utziko ditu irakastorduetan Iralek irakasleei ematen zizkien euskara ikastaroak eta euskal girotze barnetegiak . Ikasleak martxotik eskolara joan gabe daudenez, euskaran «galera» izango dutela espero du Barrusok, azpimarratu du hori «arintzeko» proposamenak egin dituztela, baina «ezezko borobila» jaso dutela.
Informazio falta ere salatu du Barrusok: «Guri inork ez digu inolako informaziorik eman: oraindik ez dakigu Iralen zergatik bota dituzten horrelako arinkeriaz 27 pertsona kalera, inolako irizpiderik gabe». Gainera, azaldu du hori ez dela modu orekatuan egin: «Gasteizko irakastegian, adibidez, lau pertsona geratuko dira hamahirutik». Haren hitzetan, euskal girotze barnetegiek ere «mila modu» aurkeztu dituzte lo egitera joan beharrik izan ez dezaten, baina denei ezetz esan diete. «Bihar [gaur ostirala] itxiko dituzte», ohartarazi du.
Euskara zerbitzua, kexu
Euskara zerbitzuko atal guztietako langileek sinatutako testu bat ere kaleratu dute. Azaldu dutenez, zerbitzu hori sortu zenetik, hainbat programa eta egitasmo sustatu eta bultzatu ditu irakasleen euskara maila hobetzeko, haurren euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko eta sendotzeko... Orain, ordea, programa horietako bi —Irale eta euskal girotze barnetegiak— «kolokan» jarri dituztela salatu dute. Euren iritziz, «profesionaltasun handia eta ordezkaezina» dago Iralen eta euskal girotze barnetegietan: «Berau baliatu ez ezik, indartu ere egin beharko litzateke, erronka berriei aurre egin ahal izateko».