Urkulluk ez du Ordizian bozketak atzeratzeko asmorik

Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariaren ustez, bozkatu ahal izateko baldintzak «guztiz» bermatuta daude.

Urkullu mitin batean, Zornotzan, ekainaren 27an. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Igor Susaeta.
2020ko uztailaren 8a
10:11
Entzun

Ordizian (Gipuzkoa) agertutako COVID-19aren oldarraldi batek 48 pertsona kutsatu ditu, oraingoz. Iñigo Urkulluri galdetu diote, gaur, SER irratian, ea herri horretan eta ingurukoetan datorren igandeko hauteskundeetako bozketak atzeratzea pentsatu duten. Eta Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak erantzun du ezetz, bozkatu ahal izateko baldintzak «guztiz» bermatuta daudela. Nabarmendu du, gainera, agerraldi hori «oso tokikoa» dela.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak atzo jakinarazi zuenez, azkeneko bi egunetan 1.700 bat PCR egin dituzte Ordizian. Positiboak gorabehera, Nekane Murga Osasun sailburuak konfinamendua ezartzea eta joan-etorriak mugatzea baztertu zuen atzo. Adur Ezenarro Ordiziako alkatearentzat, «transmisio komunitario bat» gertatu da, eta «autokonfinatzeko» eskatu die herritarrei. Gainera, liburutegia, parkeak, eraikin publikoak eta beste itxi dituzte atzera. Jaurlaritzak baieztatu du Lleidatik (Herrialde Katalanak) etorritako pertsona bat dela agerraldiaren jatorria.

Ordiziako agerraldiarekin jarraituz, Urkulluk gogoratu du Galizian ere hauteskundeak egingo dituztela igandean, han ere izan direla agerraldi batzuk eta konfinamenduak ezarri dituztela, baina Hauteskunde Batzordeak erabaki duela bozekin eta bozketekin aurrera jarraitzea.

Herritarrei belarrietatik tira egin die lehendakariak: «Gehiegizko erlaxazioa dago, oro har, herritarren artean». Adierazi du segurtasun distantzia mantentzea ezinezkoa denean «nahitaezkoa» dela maskara janztea. Dena dela, ez du, Katalunian egin duten bezala, maskararen erabilera kasu guztietan derrigorrezkoa bihurtzeko asmorik. 

Ezenarro, zalantzati

Adur Ezenarro Ordiziako alkateak, ordea, ez du argi ikusten igandeko hauteskundeen egoera, COVID-19aren agerraldiaren ondorioz «pertsona asko» konfinatuta daudelako. Alkateak Radio Euskadin adierazi duenez, ez daki «ohiz kanpoko neurriak hartuko diren, edota hauteskunde mahaiekin zer gertatuko den». Izan ere, gaixoekin kontaktu zuzena izan dutenek «hamar eguneko konfinamendua» egin behar dute, baina galdera egin du: «Zer gertatuko da haien boto eskubidearekin?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.