Sebastian Etxaniz 2002. urtetik eduki dute espetxean, eta euskal presoen kolektiboko kiderik zaharrena da, 75 urte baititu. Presoen aldeko taldeek askotan salatu dute hirugarren gradua ukatu diotela orain arte, baimenik ez baitu eduki, eta baimenak ukatu izan dizkiote, hirugarren graduan ez zegoela argudiatuta.
Txus Martin Hernandok gaitz larriak ditu: eskizofrenia paranoidea eta aortako gutxiegitasuna tartean. Urtarrilean erietxean egon zen, azaroan bihotzeko balbulan arazo bat atzeman ondoren. 2011ko azaroan eskatu zioten Madrilgo Auzitegi Nazionalari presoa askatzeko, osatzerik ez duten gaitzak dituelako, baina ukatu egin zioten. Urte hartan, Basaurira (Bizkaia) ekarri zuten, eta, azken boladan, Zaballan eduki dute (Araba). Espetxeko Tratamendu Batzordeak gomendatu du hirugarren gradua ematea, eta Basaurira eramatea. 55 urte ditu presoak.
Oier Urrutia gasteiztarra hamaika urte eduki dute preso. Etxeratek ekainean salatu zuen, hain zuzen, legez ateratzeko baimenak jasotzeko eskubidea zuela, baina ukatu egiten zizkiotela, Euskal Herritik kanpoko espetxean zegoelako (Logroñon, Espainia).