Pilotu donostiar bat hil da gaur La Vansa i Fornols herrian (Lleida, Katalunia), lankide batekin linea elektrikoak mantentzeko lanak egiten ari zela. Ezbeharra gaurko 12:00 aldera gertatu da, eta istripuan bi lankideak hil dira. Babes Zibilak azaldu duenez, lekuko batek SOS Deiei ohartarazi die helikoptero bat erori dela eta su hartu duela. Larrialdi zerbitzuetakoak joan dira Istripua gertatu den tokira.
Mossos d'Esquadrak ikerketa bat ireki du ezbeharraren nondik norakoak argitzeko.
Gipuzkoako hiriburuko pilotuak hilabete honetan garraiatu behar zuen helikopteroz Santa Klara uhartera Cristina Iglesiasen eskultura. Izan ere, eskultore donostiarrak uharteko itsasargi barruan kokatuko du bere pieza, eta itsas hondoa irudikatuko duen brontzezko ontzi handi bat izango du oinarri.