Hego Euskal Herriko herritarren %4,3k izan dute COVID-19a

Seroprebalentzia azterketaren emaitzen arabera, ia 124.000 pertsona kutsatu dira Hego Euskal Herrian.

Osakidetzako langile bat, atzo, Ordizian, PCR probak egiten. JON URBE, FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko uztailaren 6a
17:37
Entzun

Hego Euskal Herriko biztanleen %4,3ri erasan die COVID-19ak. Gaur eman dituzte seroprebalentzia azterketaren emaitzak —egindako hirugarren azterketa izan da—, eta ez dira asko aldatu ekainaren hasieran eta maiatzaren erdialdera eman zituztenen aldean: Hegoaldeko herritarren %4,4 kutsatu zirela iragarri zuten lehen aldian, eta %4,3 zirela esan zuten bigarren aldiz egindakoan. Lurraldekako datuei begiratuz gero ere, ez dago aldaketa nabarmenik. Gaur emandako datuen arabera, herritarren %6,6 kutsatu dira Nafarroan; %6,4 Araban; %3,6 Bizkaian; eta %2,5 Gipuzkoan. Aurreko azterketako emaitzei erreparatuta, nafarren %6,3 kutsatu zela adierazi zuten; arabarren %6,2; bizkaitarren %3,8; eta gipuzkoarren %2,6.

Portzentajeak estrapolatuz gero, ia 124.000 pertsona kutsatu direla ondoriozta daiteke. Lurralde bakoitzari dagokionez, Nafarroan eta Bizkaian izan du eragin handiena: 43.178 eta 41.495 pertsona kutsatu ditu, hurrenez hurren. Kopuruak txikiagoak dira Araban (21.219) eta Gipuzkoan (18.089). Dena den, lurralde denetan alde handia dago ofizialki jakinarazi dituzten datuekin konparatuta.

Gaur eman dituzte datuok Espainiako Gobernuak eta Karlos III.a Institutuak. Horretarako, Hego Euskal Herriko 4.811 herritarri probak egin dizkiete ekainaren 8tik 22ra, COVID-19aren antigorputzak dituzten ala ez ikusteko. Lurraldearen arabera, Nafarroakoak dira 1.697, Bizkaikoak 1.277, Gipuzkoakoak 1.065 eta Arabakoak 772.

Antigorputzen galera

Txostenean, beste aldagai interesgarri bat ere jaso dute: antigorputzen galera. Espainiako datuen arabera, lehen proban positibo eman zutenen %14,4k negatibo eman dute hirugarrenean. Galera hori gehienbat sintomarik izan ez dutenen artean gertatu da (%20,3), eta kasu gutxiago izan dira PCRan positibo eman dutenetan (%2,7) eta bat-batean usaimena eta dastamena galdu zutenetan (%7,4). Raquel Yotti Karlos III.a Institutuko zuzendariak azaldu duenez, antigorputzak ez atzemateak ez du esan nahi pertsona horiek ez daudela immunologikoki babestuta. Izan ere, test serologikoek antigorputzak atzematen dituzte, baina ez zelulen immunitatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.