«Euskara zerbitzua kinka larrian dago, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hartutako azken erabakien ondorioz». Salaketa hori egin dute Iraleko eta Euskal girotze barnetegietako langileek, gaur goizean egin dute elkarretaratzean.
BERRIAk aurreratu zuenez, Eusko Jaurlaritzak bertan behera utziko ditu irakasleentzako lanorduetan Iralek ematen zituen ikastaroak eta euskal girotze barnetegiak. Azaldu dutenez, urtean 700 bat irakaslek jasotzen dute formakuntza Iralen. «Datorren ikasturtean, aldiz, formakuntzarako eskubidea kendu die sailak irakasle horiei guztiei», salatu dute. Gainera, datorren ikasturterako beste lan bat ere bazuten: Hamaika Esku programako 50 ikastetxetan baino gehiagotan esku hartzeak egitea irakurmenean, ahozkotasunean eta materialen egokitasunean. Azaldu dutenez, horretarako langile kopuru bera izango zutela esan zieten ekainaren 18an, baina, ondoren, webgunearen bidez jakin zuten bitarteko irakasleek ez dutela zerbitzuan jarraitzeko aukerarik izango. «Irakastegi guztiak hankamotz geratuko dira, eta batzuk, oso larri: «84 langileetatik 28 zerbitzutik kanporatuko dituzte, eta aurreikusitako erretiro mordoa gehitu behar zaio horri».
Euskal girotze barnetegien egoera «are larriagoa» dela azpimarratu dute. Ikasleek euskara ardatz duten lau eguneko egonaldiak egiten dituzte barnetegi horietan, baina bertan behera uztea erabaki dute. Salatu dute beste proposamen batzuk egin dituztela —ikasleak egun-pasa joatea barnetegietara, urtean zehar jarraipena egitea, teknologia berriak erabiliz eskolen eta barnetegien arteko lotura indartzea…— baina ez dietela erantzun.
Egoera ikusita, euskara zerbitzua indartzeko beharra dagoela azpimarratu dute: «Horregatik eskatzen diogu Hezkuntza Sailari atzera egin dezala hartutako azken erabakiekin, eta argi esan nahi diogu eskolak euskaldundu behar badu ezinbestekoa dela euskara zerbitzua indartsua izatea».