hilberria

Ennio Morricone konpositorea hil da

91 urterekin hil da, erorita eginiko lesioen ondorioz. Mundu mailako zinema zuzendari entzutetsuenekin egin zuen lan eta, besteak beste, bi Oscar sari irabazi zituen.

Inigo Astiz
2020ko uztailaren 6a
09:57
Entzun

Hain justu, zinemaren itzaleko aldean izan da izar Ennio Morricone musikagilea (Erroma, 1928-2000). Guztira, 500 film ingururentzako sortu du musika, bere emazte Maria Traviarekin batera, eta, gainera, lan ezagunez beteta dago zerrenda ezin luzeago hori. Hark onduak dira, besteak beste, Cinema Paradiso; The Good, the Bad and the Ugly; The MissionNovecento; In the Line of Fire; The Hateful Eight eta beste hamaika soinu banda ezagun. Zinemagintzak izan duen konpositore garrantzitsuenetako bat bilakatu du ibilbide horrek. Inoiz onartu zuenez, berritzailea eta, aldi berean, herrikoia izatea izan du beti erronka. «Konposatzen dudanean, beti sentitzen dut ardura handi bat: zerbait guztiz originala probatu nahi izaten dut, eta, era berean, ulertua izango dena». 91 urterekin hil da gaur, duela egun batzuk izaniko eroriko baten eraginez. Femurra hautsi zuen, eta ordutik ospitaleratuta zegoen.

Mario Morricone tronpeta jotzailearen seme izanik, etxean beti ezagutu zuen musika, eta konposizio batzuk egina zen jadanik bederatzi urte bete zituenerako. Gerora, Goffredo Alessandrini musikariaren gidaritzapean egin zituen konposizio, tronpeta eta koru kantu ikasketak. Musika sinfonikoko konpositore gisa hasi zuen ibilbide profesionala, baina, beharrak bultzatuta, RCA musika ekoiztetxearentzako pop konposizioak eta abestien moldaketak egiten ere aritu zen. Harenak dira, esaterako, Sapore di sale abesti ezagunaren moldaketak. Hasieran, lotsa puntu batez bizi izan zuen abangoardiaz kanpoko sorkuntza lan hura, baina, denborarekin, beti aldarrikatu zuen ofizio horretan ikasitakoa, eta, hain zuzen ere, prestakuntza bikoitz horren arrastoak gorde izan dituzte beti bere konposizioek.

Baina benetan ezagun egin zuena zineman eginiko lanak izan dira. Lehenagotik ere aritu zen beste konpositoreek pelikulentzat sortutako musikari azkeneko egokitzapenak egiten, lan horregatik inon ere aitortzarik jaso gabe, baina, azkenean, 1961. urtean egin zuen zinemarako sinatutako lehen lana, Il Federale filmari soinua jarrita. Famarako saltoa, ordea, spaghetti western filmen sortzaileetako batekin eginiko lanek eman zioten. Izan ere, Sergio Leone zuzendariaren lau filmi jarri zien soinua. Hala, 1970eko hamarkadarako mundu osoko musikagilerik ezagunenetako bat bilakatu zen, eta zuzendari onenekin egin zuen lan ordutik: Bernardo Bertolucci, Roman Polanski, Giuseppe Tornatore, Oliver Stone, Pier Paolo Pasolini...

 

Morriconerentzat artistikoki «eskasak» izan ziren hasierako western haietarako egindako konposizioak, baina balio izan zioten sona lortzeko. Are gehiago: pelikulak, zuzendariak berak ere eskasak direla onartuta, zinemagintzan musikak duen garrantziaren adibide izan daitezke, Leonek berak esan izan duenez. «[Film horietan] ezinbestekoa da musika, zeren eta nire pelikulak kasik mutuak ere izan zitezkeen, elkarrizketek ia ez dutelako pisurik, eta, beraz, elkarrizketek baino gehiago musikak azpimarratzen dituelako ekintzak eta sentimenduak».

Azken urteetan eginiko lanik ezagunenak ere egungo zuzendaririk entzutetsuenetako baten pelikuletarako izan dira. Quentin Tarantinok erabilia zuen Morriconeren musika Kill Bill, Django Unchained eta Inglourious Bastards filmetan, baina harentzako propio musika sor zezan tematu zen zuzendaria, eta Erromara joan zitzaion bisitan horretarako, italierara itzulitako The Hateful Eight filmaren gidoiarekin. «Nahi duzuna egin dezakezu», esan zion zuzendariak konpositoreari, eta, hain zuzen, askatasun horrek eraman zuen Morricone baiezkoa ematera. Lan hari esker eskuratu zuen musikagileak merezitako Oscar saria, 2016an eskuratu ere azkenean, aurrez bost aldiz finalisten artean egon ostean. Aurretik ere jasoa zuen beste Oscar sari bat, Ohorezkoa, 2006an. Horiez gain, Urrezko hiru Globo, lau Grammy eta sei BAFTA sari ere eskuratu zituen, besteak beste.

Duintasuna mantentzeko ezinezko dantza baten pare deskribatu izan du Morriconek zinemarako musika sortzea. Sortutako doinu horrek aldi berean ase behar dituelako hala konpositorea bera nola filma, publikoa zein zuzendaria. Baina oreka bilaketa horretan, guztiaren aurretik irizpidea ezartzea lortu izan du konpositoreak. Ezagun da, adibidez, haren heriotzaren harira El País egunkariak gogora ekarri duen anekdota. Nola deitu zuen telefonoz Flavio Mogherini zuzendariak bere film batentzako musika sor zezala eskatzeko, «Txaikovski bat» behar zuela esanez, eta nola eskegi zion kolpean konpositoreak, haserre eta oihuka: «Nik ez dizut kaka ere emango».

Musika totala
Izan ere, erabateko sorkuntza zen zinemarako musika sortzea Morriconerentzat, eta hala utzi zuen idatzita bere biografian ere. «Soinu bandak konposatzeak adierazpen era guztiekin lan egiteko aukera ematen dizu: kanta melodikoa, rocka, musika dramatikoa, informala, folka... Zinemako musikak musika guztiak biltzen ditu, zinemak ere —arte modernoaren ikur denak— arte guztiak biltzen dituen bezala. Hori eskaintzen dio zinemak musikari: musika total bilakatzen du».

Milioika disko saldu zituen bere musikarekin, eta ehunka kontzertu eman bere orkestrarekin. Musikari eskainitako ia bederatzi hamarkadako ibilbidearen ostean hil da orain konpositorea, bere musikarekin, proiektoreak ilunpetan uzten duen itzaleko aldean ere zinemak izarrak dituela frogatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.