Maiatzean hasi zen gatazka: Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak izendatuta, Venezuelako Banku Zentraleko batzordeko buru Calixto Ortegak salaketa aurkeztu zuen Ingalaterrako Bankuaren aurka, hark atzera bota zuelako Banku Zentralak han zuen urre erreserbetatik 930 milioi dolar NBE Nazio Batuen Erakundeko funts batera lekualdatzeko eskaria.
Venezuelak Ingalaterrako Bankuan gordetako urrea blokeatuta geratu zen, AEBek eta Erresuma Batuak Maduroren gobernuaren aurkako zigorrak onartu ostean. Londresek, Washingtonek bezala, Juan Guaido oposizioko burua jotzen du herrialdeko «ordezkari zilegitzat», eta aldarrikapen horretan oinarritu da Auzitegi Nagusia ere ebazpena hartzeko. Auzitegiaren arabera, Erresuma Batuak zilegitasuna Guaidori aitortu dionez, hark buru duen Batzar Nazionalak Venezuelako Banku Zentralerako izendatutako ordezkaritzari dagokio urrea kudeatzea ere.
Auzitegi Nagusiko magistratuaren arabera, Erresuma Batuko justiziak ezin du erabaki ea legezkoa den Guaidok Banku Zentralerako aukeratutako zuzendaritza batzordea, nahiz eta Caracasko Auzitegi Nagusiak hura baliogabetzat jo.
Guaidok berak txalotu egin du erabakia, eta ohartarazi du chavismoak «helburu gaiztoetarako» erabili nahi duela urrea. «Ustelkeria are gehiago zabaldu besterik ez dute egingo».
Maduroren gobernuaren arabera, ordea, COVID-19ak eragindako pandemiaren aurka egiteko baliatu asmo zuten urrea. Hala, iragarri du helegitea jarriko diola erabakiari.