Miren Agur Meabek idatzitako Itsasoaren atea nobelak irabazi du 2020ko Mikel Zarate haur literatura saria. Hala erabaki du Leire Bilbaok, Julen Gabiriak eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak, eta berak eramango du 3.000 euroko saria. Liburua, berriz, Elkar argitaletxeak kaleratuko du.
Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten sariketa, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzagile izandako Mikel Zarateren omenez, eta hamaikagarren ekitaldia izan da aurtengoa. 
Lur Gallastegik irabazi zuen duela bi urte, eta epaimahaiak hutsik utzi zuen saria iaz.
Aurten, hogeita bi lan lehiatu dira guztira, «maila handikoak horietako dozena erdi bat», Elkarrek jakinarazi duenez, eta horien artean Meabek idatzitako eleberria hautatu du epaimahaiak. Itsasoaren atea liburuak XIX. mendera darama irakurlea, Atlantikoan kokaturiko Ile Cormoran edo Ubarroien uharte asmaturiko batera, eta hainbat abentura gertatzen dira han: amodio debekatuak, pasadizo sekretuak, ihes egindako espetxeratuak, iragarletzaren dohaina duten andrazkoak, gorrotoak eta misterioak… «Literatura erromantikoaren gustua dakarkiguten motibo eta gaiak, azken batean». Kontakizunaren hari guztiak bikain josteko abilezia azpimarratu du epaimahaiak, eta hizkuntza jori, dotore eta adierazkorra.
Miren Agur Meabe Plaza Lekeition jaio zen, 1962an. Irakasletza eta Filologia ikasitakoa da, irakasle lanetan eta editore jardundakoa, eta gaur egun idazletzari emana bizi da. Sari ugari irabazi ditu, bai helduentzat bai haurrentzat idatzitako lanekin. Bere azken lanen artean daude Hezurren erretura ipuin liburua eta asteon aurkeztu duen Begiak zerumugan, Ane Pikaza irudigilearekin batera ondu duen haurrentzako poema liburua.