Frantziako presidente Emmanuel Macronek berak aitortu du kezka bozetako parte hartze baxuaren inguruan: %40 inguru izan da. «Ez da albiste ona», onartu dio AFP agentziari. Dena den, ez da hori Macronek jaso duen albiste txar bakarra. Haren alderdiak kolpea hartu du udal bozetan.
Lehen itzulian bertan argi geratu zen LREM Errepublika Martxanentzat ezinezko izango zela hainbat hiri handitako alkatetza bereganatzea. Ondorioz, bigaren itzulirako LR Errepublikanoen zerrendaren alde egin zuten. Era horretan ere ezinezko izan zaie, ordea, nahi bezalako emaitzak lortzea. Bordelen (Okzitania), esaterako, Pierre Hurmic ekologistak irabazi zituen bozak, botoen %46,8 eskuratuta. Aldiz, LR-MoDem-LRM hirukoak babestutako hautagaiak, Nicolas Florianek %43,2 lortuko lituzke. Ekologistentzat izan dira Lyon, Estrasburgo eta Tours hirietako alkatetzak ere.
Parisen ere Macronen hautagai Agnes Buzyn bigarren itzulira igaro bazen ere, egungo alkate Anne Hidalgo sozialistarentzat litzateke garaipena. Zundaketen arabera, botoen %50,2 eskuratuko lituzke Hidalgok; bigarren tokian geratuko litzateke Rachida Dati (LR) Justizia ministro ohia, botoen %32rekin; eta hirugarren Buzyn, %16 ingururekin. Pozik agertu da Hidalgo lortutako emaitzekin: «Arnasa hartzen duen hiri bat aukeratu dute hautesleek, inor bazterrean uzten ez duena eta elkartasuna lehenesten duena».
Gobernuan aldaketak eragin ditzakeen garaipen bat ere izan zen atzo, Edouard Philippe lehen ministroarentzat izan baitzen Le Havreko alkatetza, botoen %58,83 lortuta —LRko kidea Le Havreko alkate izan zen 2010 eta 2017 bitartean—. Philippe pozik agertu zen garaipenarekin, baina ez zuen zehaztu lehen ministroaren kargua utziko ote duen.
Ez dira guztiak porrotak izan Macronentzat, hala ere. Tolosan, orain arteko alkate Jean-Luc Moudencek (LR-LRM) lortu zuen garaipena, botoen %51,6 eskuratuta.
Eguneko ezusteko nagusia, hala ere, eskuin muturrak eman du, Marine Le Penen Frente Nazionala izan baita nagusi Perpinyan, Ipar Katalunian. Fronte Nazionaleko Louis Aliotek irabazi ditu udal bozak han, botoen %52,7 eskuratuta. Hala, 2009tik alkatetzan zen Jean-Marc Pujol errepublikanoak botoen %4,3 eskuratuko lituzke.
Pozik agertu da Le Pen lortutako emaitzekin: «Ez da garaipen sinboliko hutsa. Garaipen honek aukera emango digu frogatzeko gai garela komunitate handiak ere kudeatzeko». Abstentzioa ere izan du hizpide Le Penek, eta kezka agertu du haren atzean pandemiagatikako kezka baino zerbait gehiago ez ote dagoen: «Alderdiok geure buruari galdetu beharko diogu zer arrazoi ote dagoen herritarrak bozkatzera ez joateko».
Nazionalisten garaipena Korsikan
Bastia eta Porto-Vecchio begiz jota zituzten nazionalistek bigarren itzuli honetarako, eta bietan lortu dute helburua. Pierre Savelli alkategai nazionalista eta Femu a Corsicako alderdikidea izango da Bastiako alkate datozen urteetan, botoen %49,37 eskuratuta. «Lehen itzulian ezin izan genuen alkatetza eskuratu, besteak beste, gure militante asko ez zirelako bozkatzera joan pandemia dela eta. Baina la handia egin dugu geroztik, eta hau da emaitza», esan du Savellik.
Pierre-Vecchian, Korsikako Nazioaren Alderdiaren idazkari nagusi Jean-Christophe Angelinirena izan da bigaren itzulian ere boto gehien eskuratu duena: bozen %54,85. Hala, urte luzez eskuinaren gotorleku izan dena bereganatu dute nazionalistek.
Pozik agertu da Angelini emaitzarekin: «Bizitza osoan egindako borrokaren emaitza da niretzat eta beste askorentzat. Garaipen politikoa da, baina baita historikoa ere. Etorkizun baketsua ahalbidetuko digun aro berri baten hasiera da».