Senpereko auzapez berria izanen da Dominique Idiart. Jean François Bederederen Senpere Bai zerrenda abertzalearekin aliantza egin zuen, lehen itzuliaren ondotik. Bozen %51 lortu ditu. Orain arteko Pierre-Marie Nousbaum kendu du auzapez kargutik, hark bozen %49 zituelarik.
Azkainen, orain arteko Jean Louis Fournier auzapezak irabazi du berriz: %37,2. Gorka Taberna zerrenda abertzale eta ekologistako zerrendaburuak lortu du bigarren postua: %24,3. «Biziki kontent gara. Bigarren indar izateak ardura ematen digu. Kanpaina osoan argi utzi dugu ezkertiar abertzale ekologista eta feministak garela, eta jendeak botoa eman digu. Biziki kontent gara», esan du. Benedicte Luberriaga heldu da hirugarren postura (%21,2), eta Pierre Clausell laugarren postura (%17,4). EH Baik adierazi du «hainbat tokitan emaitza deigarriak» lortu direla. «Hala nola Azkainen, Maulen, Hendaian, Senperen eta Miarritzen».