Aise nagusitu zaie Aroztegi beste hiru hautagaiei. Abertzaleekin bat egin zuen Guillaume Barucqen zerrenda gelditu da bigarren (%26,3); hirugarren, Nathalie Motsch (%14,74) eta azken, Jean-Benoit Saint-Crick (%8,74). Bernard Marieren garaian bezala, aliantza berezirik gabe, frantses eskuinak hartuko ditu giderrak Miarritzen, beraz. Bozkariaturik agertu da Aroztegi: “Emozio handiko sentimendua dut. Bai irabazteko itxaropena bagenuen, baina emaitza oso handia da, %50ren hozka gainditu dugulako, ezin pentsatuzkoa hiruko lehia batean. Garaipen argi eta garbia da. Miarriztarren konfiantza handiaren seinale da”.
Azpimarratzekoa da abstentzio handia izan dela berriz ere Miarritzen, bozkazaleen erdia baino gehiago ez baita joan bozkatzerat (%54).