Abertzaleen emendatzea: lau auzapez

Itsasun, Urruñan, Ziburun eta Uztaritzen nagusitu dira, eta aliantza garailea sostengatu dute Hendaian eta Senperen. «Urteetako lan serios eta politaren» emaitzatzat jo du EH Baik.

Jendetza Ziburun, Eneko Aldanaren garaipena ospatzen. BOB EDME
jon olano
2020ko ekainaren 28a
21:40
Entzun

Zerrenda abertzaleek garaipena lortu dute Ipar Euskal Herriko udal bozetako lau herriko etxetan, 2014an eskuratutako auzapez bakarrari beste hiru emendatuta.

Uztaritzen (Lapurdi), Bruno Karrere auzapezak beste sei urte emango ditu karguan, bera buru zuen Uztaritze Bai zerrendak 1.399 boto (%51,2) eskuratu eta gero. Karrere bera izan zen boz gehien bilduriko hautagaia martxoaren 15ean, lehen itzulian. Bruno Cendres Ensemble pour Ustaritz zerrendako hautagaiak %25 boto lortu ditu.

Abertzaleek, ordea, beste hiru herriko etxean izango dituzte aginte makilak; horietako bat izango da Eneko Aldana, datozen sei urteetarako Ziburuko auzapeza (Lapurdi). Ziburu Bizi 2020 zerrendako hautagaiak 1.340 boto eskuratu ditu (%44,7), Isabelle Dubarbier Ziburu Zuekin zerrendako hautagaiarekiko alde handiz (515 boto jaso ditu hark).

Itsasun (Lapurdi), bigarren itzulira bigarren postuan heldu zen Mikel Hiribarren, baina aurrea hartu dio Jean Paul Iturburuari; 519 boto bildu ditu (%42,2), eta hamabost botoren aldearekin nagusitu zaio Iturburuari. Duela lau egun, bi mila biztanleko herri batean politika egiteko maneraz, abertzaletasunaz eta euskaltasunaz mintzatu zen BERRIArekin, euskaldunak izateko batzuek duten «nekeari» azalpena eman nahian.

Urruñan (Lapurdi) ere nagusi izan da Filipe Aramendi zerrendaburu abertzalea; 2.175 boto (%45,9) jaso ditu Elgarrekin Urruña Berpiztu zerrendak, lehen itzulian lortutako abantaila handituta. Francis Gavilan Urruña Guzientzat hautagaitzako buruak, berriz, %27,9 boto lortu ditu.

Aliantza garailean Hendaian eta Senperen

Horiez gain, hautagai abertzaleak zerrenda garailean aurkeztu dira beste herri batzuetan ere; esaterako, Hendaian 2014an eginiko aliantzari segida eman diote aurten, eta Kotte Ezenarro auzapez sozialistak eutsi egingo dio karguari. Lehen indarra izan zen Ezenarro lehen itzulian, eta botoen %55,1 eskuratu du bigarrenean.

Senperen, berriz, Jean François Bederede hautagaiaren Senpere Bai zerrendarekin aliantza egin zuen Dominique Idiart Elgarrekin Senpererentzat zerrendako hautagaiak, eta hark irabazi ditu bozak; ehun botoren aldearekin baino gutxiagorekin nagusitu zaio Pierre Marie Nosbaumi.

EH Bai, pozik

Emaitzokin pozik agertu da EH Bai, hauteskunde emaitzen lehen balorazioan, eta gogoan izan dituzte auzapezak lortu dituzten herriak: «Urteetako lan serios eta politaren ostean, eta gaur lorturako boz kopuruen ondorioz, herriko etxeak irabazi dituzte. Gaurko emaitzak, urteetan zehar, abertzaleek tokian-tokian egindako lanaren uzta dira. Urtez urte, abertzaleen emaitzak etengabe indartuz doaz lehen mailako indar politiko gisa kokatuz eta gure proiektua indartuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.