Aldaketa heldu da Ziburu eta Urruñara (Lapurdi). Urruñan, Filipe Aramendik bozen %45,90 lortu ditu. Elgarrekin Urruña zerrenda abertzale eta ekologista eraman du, eta, auzapeza izanen da ondoko sei urteetan. «Historikoa da: Urruña azkeneko 30-50 urteetan frantses eskuinaren eskuetan izan da. Ni abertzalea naiz, ez dut sekulan gordetu. Gure erronka zen, eta gure azkartasuna, plurala eta irekia izatea», esan du Aramendik. Francis Gavilan, orain arteko lehen axuanta eskuindarra izan du gibeletik bozen %27,94ekin. Azken postuan, Sebastien Etxebarne, zentrokoa: %26,17.
Ziburun, Eneko Aldanak bozen %57,1 lortu ditu eta bera izanen da auzapez berria. Isabelle Dubarbier-Gorostidi orain arteko lehen axuantak %21,1; Henri Hirigoienberriren zerrendak; %11,4 eta azken postuan, Dominique Duguetek: 10,3%. Aldana «pozik» agertu da lortutako emaitzekin. «Hauteskundeetan ez da ezer aitzinetik egiten, politika ez dira matematikak. Lehen itzulian genuen aitzinamendua mantendu da bigarren itzulian, eta, errazki irabazi dugu. Gure zerrenda idekia zen, abertzaleak kudeatzen genuen baina ez bakarrik: badira ekologistak, sozialistak, independenteak. Azken sei urteetan eraman dugun lanak konfiantza sortu du herrian eta horrek erakusten du kapable garela», esan du.
EH Baik ere, lehen balorazio baikorra egin du: «Urteetako lan serios eta politaren ostean, eta gaur lorturako boz kopuruen ondorioz, herriko etxeak irabazi dituzte». Gehitu dute: «Gaurko emaitzak, urteetan zehar, abertzaleek tokian toki egindako lanaren uzta dira. Urtez urte, abertzaleen emaitzak etengabe indartzen doaz lehen mailako indar politiko gisa kokatuz eta gure proiektua indartuz».
Hendaian, Kotte Ezenarro orain arteko auzapezak irabazi du bozen bigarren itzulia (%55,1). Lehen itzulian aurkeztu ziren Laetitia Navarronen zerrenda abertzale ekologistarekin eta Laurent Tariol komunistarekin aliantza egin zuen. «Aliatuekin lanean, programa aplikatzen» arituko dela esan du Ezenarrok. Parean, Pascal Destruhaut izan dute, eta bozen %44,9 lortu du.
Hala ere, abstentzioa handia izan da leku guztietan. 17:00etan, Urruñan parte hartzea %56,5 puntukoa zen; Hendaian, %47,15ekoa.