Berreraikitzeko planerako 126 proposamen egin ditu Nafarroako Parlamentuak

Bi astez eztabaida egin ondoren, bakarrik geratu dira PSN eta Geroa Bai. Dena den, gainerako alderdiek abstentzioaren bidez ahalbidetu dute egindako lana ez atzera botatzea.

Ganbera, gaur, PSNko Ainhoa Unzuk hitz egiten duen bitartean. NAFARROAKO PARLAMENTUA
joxerra senar
2020ko ekainaren 25a
13:18
Entzun

Navarra Sumarentzat ez da plan bat, orotariko proposamen bilduma bat baizik. EH Bildurentzat, gabezia ugari ditu, ez baita loteslea eta gobernuak nahi duena egin baitezake. Ahal Dugu-k eta Ezkerrak duela urtebete sinatutako akordio programatikoan azpimarratutako desadostasun politikoak berriro agerian utzi ditu azken bi astetako eztabaidak. Hain justu, politikoki, hori izan da gaurko eztabaidaren ondorio nagusietako bat. Baiezkoan, bakarrik geratu direla PSN eta Geroa Bai. Dena den, COVID-19aren kalte ekonomiko eta sozialei aurre egiteko asmoz, parlamentuak 126 proposamen egin dizkio gobernuari Suspertu planean jaso ditzan.

Navarra Sumaren eta EH Bilduren ekimenez, maiatzean berreraikuntzako mahai bat osatu zen parlamentuan, eta, azken bi asteetan, batzordez batzorde, 168 proposamen egin dituzte taldeek, eta horietatik 126 onartu. Horiek guztiak txosten batean jaso ostean, gaur berriro bozkatu dira. Halaber, gaurko eztabaidan beste 40 proposamen egin dituzte taldeek, baina guztiak atzera bota dituzte. Hain zuzen ere, Ahal Dugu-k bazkideei eskatu die egungo errenta bermatua egokitzea eta aberatasunaren banaketa sistema moldatzea, gizarte bazterketa jasaten duten sektoreei baldintzak leunduz eta Espainian onartu berri den gutxieneko diru sarreren errenta onartu izanaren aurrezkia horretara bideratzeko asmoz. Ez da aurrera atera, eta horrek abstentzioa ekarri du. Antzera gertatu da Ezkerrarekin.

PSNren salaketa

PSNko Ainhoa Unzuk, alderdi guztiek bi asteotan egindako lana eskertu ostean, salatu du azkenean «gobernua higatzeko» baliatu nahi izan dutela hainbat alderdik. Bereziki kritiko azaldu da Navarra Sumarekin, haren proposamen izarra zergen murrizketa dela iragarriz. «Ez diozue alternatibarik aurkeztu 800 milioi eurotik gorako diru sarreren erorialdiari. Zer proposatzen duzue, guraizeak atera eta murriztea?». Neurrien finantzaketaren inguruan, Pedro Sanchezek 16.000 milioi euroko funtsaren barruan 5.000 milioi euroko poltsatik kanpo utzi du Nafarroa. Unzuren arabera, hori ez da arazo, Nafarroa ez delako erregimen komunaren parte eta finantzaketaren auzia hitzarmen ekonomikoaren testuinguruan eztabaidatu behar delako. Haren hitzetan, «ez dute ezta atzerapauso bat ere» onartuko. «Dena egingo dugu susperraldiaren alde, eta pertsonak jarriko ditugu erdigunean».

Navarra Sumako Javier Esparzak gogorararazi dio ezezkoa bozkatu izan balute ez zela egitasmoa aurrera aterako eta hitzak neurtzeko eskatu dio. «Aukera galdua izan da. Ez da plan bat, proposamen bilduma bat baizik. Gobernuak ez digu eman zifrarik planifikazio egoki baterako». Esparzaren irudiko, gobernuak borondate gutxi azaldu du parlamentuak egindako lana aintzat hartzeko: «Itsuan lan egin dugu, eta aurrekonturik gabe eta jokalekurik gabe. Ez da plan bat, ez du ez finantzaketarik eta ez egutegirik». Kritiko azaldu da proposamenetan zerga igoerarik jaso ez bada ere aurrera begira asmo hori iradoki dutelako taldeek eta gobernuak berak.

«Gobernuaren ahuldadea»

EH Bildu ere abstenitu egin da, baina Navarra Sumari gogorarazi dio lantalde horren helburua ez zela plan bat egitea, baizik eta, egin den bezala, proposamenak jaso eta gobernuari helaraztea. Hala ere, EH Bilduk salatu du hasierako gabezia izan dela ondoren ez zaiola ahalmenik eman parlamentuari gobernuak aurrera aterako duen plana onartzeko. Bakartxo Ruizek esan du gobernuak proposamen horiekin nahi duena egiteko aukera izango duela horrenbestez: «Zer gara, organo aholku-emaile bat? Hori da oinarrian duen gabezietako bat». Halaber, Ruizen aburuz, jarrera horrek «gobernuaren ahuldadea» adierazten du, ez baita gauza parlamentuan egindako lanari segida emateko, eta mesfidantza islatzen duelako. Ruizen aburuz, ezin daiteke taldeei ardura partekatua eskatu eta ondoren nahi dena egin. Jarrera horrek EH Bilduren eszeptizismoa handitu besterik ez du egiten, Ruizen esanetan.

Geroa Baik, berriz, alde bozkatu du. «Harrituta» agertu da Uxue Barkos batzordea bultzatu duten bi taldeek jarrera kritikoa azaldu dutelako. Azken emaitza «iragarritako abstentzio baten kronika» dela deritzo, baina nahiago izan du taldeek egindako ekarpenekin geratu. Barkosen irudiko, aukera baliatu behar da autogobernua sendotzeko. Haren iritziz, berreraikuntzak hazkundearen sustapenean oinarritu behar du, baina halaber balio erantsia duten sektoreen alde eginez. Aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan, egungo egoera eredu ekonomikoaren aldaketa bultzatzeko baliatzeko ere eskatu du. Finantzaketari dagokionez, Barkosen ustez, Nafarroa ezin da zain geratu Espainiatik edo Europako Batasunetik zer helduko. Haren irudiko, «funtsezkoa» da Espaniako Gobernuarekin adostea finantza baldintzak zor merkatuetara lehenbailehen joan eta abantailak ateratzeko.

Aldiz, gobernuko hirugarren bazkide Ahal Dugu-rentzat, azken emaitza «gazi-gozoa» izan da. Egindako lan guztia «pozgarria» dela deritzo Mikel Builek. Kontsentsurako ahalegina egin dela uste du. Proposamenen artean Ahal Dugu-ren eskarietako bat jaso da: aberastasunaren gaineko zergaren inguruko zergaren azterketa egitea. Dena den, Builek onartu du Google tasarekin eta antzeko beste egitasmoekin halako ikerketak pilatzen ari zaizkiola Ekonomia eta Ogasun Departamentuari: «Ea lortzen dugun hori guztia zurian beltz jartzea», ohartarazi du. Halaber, Buil kritiko azaldu da akordio programatikoko desadostasunen inguruko proposamenak —AHTa eta Nafarroako Ubidea, kasu— aurrera atera direlako Navarra Sumari esker. Builek proposatu du gutxieneko diru sarreren errentaren bidez lortuko den aurrezkia errenta bermatua aldatzeko eta gizarte langileen baldintzak hobetzeko baliatzea. Aitzitik, ez da aurrera atera, eta Ahal Dugu abstenitu egin da.

Antzera gertatu zaio Ezkerrari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.