Zinemaldia

Woody Allenen filmak irekiko du Zinemaldia

Rifkin’s Festival pelikularen nazioarteko estreinaldia izango da, baina lehiaz kanpo emango dute. Donostian, Pasaian eta Zumaian filmatu zuten, iazko udan.

Allen, iaz, Donostian, filmaketaren lehen egunean. GORKA ESTRADA/EFE
aitor biain
2020ko ekainaren 25a
12:25
Entzun

Donostiako Zinemaldia hasia da pixkanaka aurtengo jaialdia aletzen. Berezia izango da, baina egin egingo da, eta horren erakusgarri dira aste honetako bi jakinarazpenak: batetik, Viggo Mortensen aktorearen ibilbideari aitortza egingo dio jaialdiak, Donostia Sariaren bitartez. Eta, bestetik, gaur jakinarazi dute Woody Allenen Rifkin’s Festival pelikulak emango diola hasiera 68. Zinemaldiari. Filmaren nazioarteko estreinaldia izango da, baina lehiaz kanpo emango dute. Irailaren 18an hasiko da jaialdia, eta Kursaalesn emango dute filma. Zinemaldiak ez du esan Allen Donostian izango den.

Zuzendari estatubatuarrak iazko udan filmatu zuen pelikula Donostian, Pasaian (Gipuzkoa) eta Zumaian (Gipuzkoa), besteak beste. Zinemaldian girotutako komedia erromantiko bat da, eta bikote estatubatuar baten istorioa kontatzen du: senar-emazteak liluratuta geratuko dira zinemaldiarekin, hiriaren edertasun eta xarmarekin eta zinemaren munduaren fantasiarekin; emazteak maitasun istorio bat izango du zinema zuzendari frantziar batekin, eta senarra, berriz, hirian bizi den emakume batekin maiteminduko da. Elena Anaya, Louis Garrel, Gina Gershon, Christoph Waltz eta Sergi Lopez dira aktoreak. 

Filmaketak berak hainbat protesta eragin zituen Donostian. Protesta zaratatsura deitu zuten zenbait eragilek, nagusiki, proiektuaren atzean dagoen turismo eredua salatzeko, eta filmak hirian eragin ditzakeen kalteez ohartarazteko. Gainera, Allen eraso matxistak egiteagatik salatua izan dela ere adierazi zuten.

Ez da lehen aldia Allenek Zinemaldia inauguratzen duena; izan ere, 2004an, Melinda and Melinda lanarekin ere hala egin zuen. Urte hartan, Zinemaldiak Donostia saria eman zion, eta zuzendariaren obraren atzera begirakoa antolatu zuen. Aurrez ere haren filmak eman ditu Zinemaldiak, nolanahi ere: Manhattan (1979), Zelig (1983) eta Manhattan Murder Mistery (1993). 1985ean, Zabaltegi sortu berria The Purple Rose of Cairo filmarekin inauguratu zen. Azken urteetan, ordea, Perlak sailean eman dira haren filmetako batzuk: Match Point (2005), Vicky Cristina Barcelona (2008), Whatever Works (2009) eta Irrational Man (2015). 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.