EHIGEk eta Heizek ziurtatu dute Hezkuntza Sailak murrizketak ezarri nahi dituela

Hezkuntza Sailari murrizketak egiteko asmoa ikusi diote, besteak beste, jantokiko arduradunen lanaldian eta egoera sozioekonomiko baxuko ikastetxeentzako baliabideetan

Haur batzuk ikasgelan, artxiboko irudian. IñIGO URIZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko ekainaren 24a
11:51
Entzun

«Hezkuntza Sailak ez die jaramonik egin eskola komunitateen eskaerei». Hori salatu dute ikastetxe publikoetako zuzendarien eta familien elkarte Heizek eta EHIGEk. Azaldu dutenez, astean zehar jasotzen ari dira eskaera horien erantzunak, eta «kezkaz» ikusten dute ez dagoela baliabide gehiagorik. «Hori gutxi balitz bezala, murrizketa nabariak ezarri nahi ditu Hezkuntza Sailak».

Aipatutako elkarteek diotenez, jantokiko arduradunen lanaldia erdira murriztu nahi dute, murrizketak egingo dituzte egoera sozioekonomiko apaleko ikastetxeentzako baliabideetan, eta ez da egongo baliabiderik geletako ratioak jaisteko eta IKT arduradunak eta aholkulariak indartzeko. «Asmo hori bertan behera uzteko eskatu diogu Hezkuntza Sailari», ziurtatu dute. Horrez gain, kanpaina bat abiatuko dute Ordezkaritza Organo Goren guztiekin, Hezkuntza Sailari ikastetxeen eskaerak kontuan har ditzala eskatzeko.

Konfinamenduak sortutako beharrei erantzuteko, uste dute baliabide gehiago beharko direla datorren ikasturtean. «Hala eskatu diogu Hezkuntza Sailari azken hilabeteetan». Haien hitzetan, baliabide horiek «ezinbestekoak» dira Hezkuntza Sailak identifikatu dituen gaiei —digitalizazioari, euskarari eta arreta emozionalari— erantzuna emateko eta datozen egoeretara egokitzeko.

Bihar, mobilizazioak

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek elkarretaratzea egingo dute bihar, 17:30ean, Hezkuntza Sailak Bilbon duen ordezkaritzaren aurrean. Bertan, datorren ikasturte hasiera negoziatzeko eta hezkuntza indartzeko eskatuko dute. Horrez gain, LABek jakinarazi du 11:00etan elkartuko direla eskola jantokietako langileak eta eskola garraiokoak, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Gure lanpostuak jokoan daude lelopean.

Atzo, sindikatu horiek ohar bateratu bat argitaratu zuten, datorren ikasturterako murrizketak salatzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.