Rosa Zarra Donostian hil zen, 1995eko ekainaren 30ean, 58 urte zituela, Euskal Herria Askatu izeneko mobilizazio batean, Bakearen Usoaren inguruan, Ertzaintzak jaurti zuen gomazko pilota batek sabelean jo eta astebetera. Ikerketa bat abiatu zuen Ertzaintzak, baina Juan Mari Atutxa Eusko Jaurlaritzako Barne sailburuak argudiatu zuen gomazko pilota batek jo arren ez zela hil horrek eragin zizkion zaurien ondorioz, baizik eta aurretik zituen osasun arazoengatik. Zarraren senideek salaketa bat jarri zuten, baina 1995eko irailean artxibatu zuten.
Jaurlaritzak Bizitzarako Eskubidearen Urraketen Udal Erretratuak (1960-2010) txostena aurkeztu zuen 2015ean, eta aitortu zuen auzia sakonago ikertu behar zela. Hau da txosten horrek Zarraren heriotzaz dioena, hitzez hitz: «Ertzainek sei metro inguruko distantziara jaurtitako pilotakada batek sabelean jo zuen Rosa Zarra, Amara auzoko elkarretaratze batean parte hartzen ari zela. Familiaren esanetan, ertzainak 'hona eta hara' tiroka hasi ziren. Auzitegiko medikuen arabera, eta Madrilgo Toxikologia Institutu Nazionaleko azterketa anatomiko patologikoko emaitzek ziotenez, Rosa Zarra berez hil omen zen. Dena dela, agiri bat bidali zuen hedabideetara Donostiako Arantzazuko Ama Ospitaleko nefrologia zerbitzuko Alex Elosegi Mendizabalek —bera izan zen Rosa Zarraren medikua, hemodialisia egin behar izaten zuenean, bai eta giltzurrun transplantea egin behar izan ziotenean ere—, eta, hartan esaten zenez, 'gertaerak nola izan ziren ikusirik, guztiz normala da pentsatzea pilotakada izan zela Rosa hil zuena. Kolpeak tronbosi bat eragin zion arterietan, eta horrek, batetik, kolona zulatu zion, eta, bestetik, shock septiko bat eragin. Kontuan hartu behar da, gainera, Rosa Zarrak erabat eskastuak zituela defentsa mekanismoak, giltzurruna transplantatu ondoren ezinbestez jarraitu behar zuen tratamenduaren ondorioz'».
Euskal Memoria fundazioak egindako bilduma batean, gomazko pilotek eragindako bost heriotza zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian: 1977an Jose Luis Aristizabal eta Isidro Susperregi hil zituzten, Donostian, eta Luis Santamaria, Iruñean. Laugarrena izan zen Zarra, eta Iñigo Cabacas Athleticeko zalea bosgarrena, 2012an.