Ekainaren 28ko LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean protesta egitera deitu du Bizkaiko E28 koordinakundeak. Saretuz borrokak dirau! Perseguides, clandestines, unides [Jazarriak, klandestinoak, batuak] leloa erabiliko dute aurten, eta, hain justu, konfinamenduan saretzeak izan duen garrantzia nabarmenduko dute mobilizazioetan. «Aurreko hilabeteetan bizi izan dugun larrialdi egoera dela eta, sostengu sareek garrantzi handia hartu dute, pertsona askorentzako baliabide bakarra bilakatu baitira instituzioen utzikeriagatik», adierazi dute. Babeserako ez ezik, borrokatzeko ere saretzeko deia egin dute: «Bizirik irauteko, babesa bilatzeko, elkar aurkitzeko eta bakarrik ez gaudela jakiteko sareak aipatu nahi ditugu, baina baita isilduak, ezkutatuak edo hilak nahi gaituztenei aurka egin eta horien kontra borrokatzeko sortutakoak, edota borrokalagun diren beste kolektiboekin sortutakoak ere».
Bilbon eginen dute manifestazioa, ekainaren 28an, igandearekin, 18:30ean, Moyua plazatik abiatuta. Aste osorako prestatu dute egitaraua, ordea. Heldu den ortzegunetik hasita, zinema emanaldiak, solasaldiak eta tailerrak eskainiko dituzte. EHGAMen Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina sariak ere emanen dituzte ekainaren 27an, Bilboko Bira tabernan.
Ekainaren 28ko manifestaziora maskara jantzita, segurtasun distantzia gordeta, eta «zisheteroaraua suntsituz eta ozen oihukatuz» joateko eskatu dute.