Amaitu da salbuespen egoera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; baita Kantabrian ere. Ez da kasualitatea: Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Miguel Angel Revilla Kantabriako presidenteak aste honetan adostu zuten biek batera alarma egoera kentzea, eta bi lurraldeen arteko muga zabaltzea.
Hala, gauerdian ireki dute muga. Gertakaria irudikatzeko, gaur goizeko bederatzietan bildu dira biak Kobaron auzoan (Muskiz, Bizkaia). Kantabriarekin muga egiten du auzo horrek; zehazki, Castro-Urdialesekin. Maskara jantzita, agintariek ibilbide labur bat egin dute batera, oinez, eta Bizkaiaren eta Kantabriaren arteko muga igaro dute. Sonia Diaz de Corcuera Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak adierazi duenez, gaur 43.000 lagunek muga igaroko dutela espero dute; gehienek, arratsaldean.
Urkulluk «hiru oinarri dituen mezu bat» helarazi nahi izan du: batetik, gogoan izan ditu «COVID-19aren biktima guztiak»; bestetik, eskerrak eman dizkio «gizarte osoari, alarma egoeran zehar erakutsitako konpromisoagatik»; eta, azkenik, «kontzientzia izateko» eskatu die herritarrei, aurrerantzean ere neurriak betetzen segi dezaten. Urkulluk asteartean adierazi zuenez, «euskal herritar askok dute bigarren etxebizitza Kantabrian, eta interesgarria izan daiteke asteburuan normaltasun irudi hori ematea».
Revillak, berriz, lausengatu egin du buruzagi jeltzalea: «Aspalditik dut iritzi bikaina lehendakaria buruz». Azken hamalau igandeek iritzi hori hobetzeko balio izan dutela ere esan du, Espainiako Gobernuarekin izandako bileretan Urkulluk eta biek proposamen asko partekatu dituztela eta.
Hauteskunde batzordearen abisua
EAEko Hauteskunde Batzordea atzo bildu zen, eta gaurko ekitaldia izan zen landu zuen gaietako bat. Elkarrekin Podemosen letradunak salatu zuen ekitaldia elektoralista zela, eta jarduera «bere horretan» ez egiteko eskatu zuen; EPren arabera, hauteskundeetako araudiak «ezinbestekoak ez diren ekitaldi guztiak» debekatzen ditu, eta ez du baimentzen «lorpenak helaraztea».
Hauteskunde Batzordeak ez zion debekurik ezarri EAJren lehendakarigaiari, baina eskatu zion «ezinbesteko mezuak soilik» zabaltzeko, eta «lorpenak» ez nabarmentzeko. Hala eginez gero, 2.700 eurora arteko isuna jaso lezake Urkulluk.
Nafarroara, noiz?
Azken egunetan eztabaida sortu du Kantabriaren eta Bizkaiaren arteko muga zabaltzeak eta Nafarroakoak eta Iparraldekoak, aldiz, itxita jarraitzeak. Printzipioz, Espainiako Gobernuak eta Nafarroakoak datorren astelehenean indargabetuko dute alarma egoera, baina baliteke lehenago igaro ahal izatea Arabatik eta Gipuzkoatik Nafarroara.
Espainiako Gobernuak argitaratutako azken BOE Estatuko Aldizkari Ofizialaren arabera, ekainaren 21eko 00:00etan amaituko da alarma egoera Nafarroan; beraz, larunbat gauerdian zabalduko lukete muga. Dena den, asteburuko BOEaren zain egon behar dela azaldu zuen atzo Foruzaingoak.
Iparraldeari dagokionez, larunbat gauerditik aurrera zabalduko dute muga.