Felipe Gonzalez eta GAL

Pablo Iglesiasek Pili Zabalari esan dio ez dela «garai egokia» ikerketa batzorde bat osatzeko

Joxi Zabalaren arreba eta Ahal Dugu-ko parlamentari ohiak «ezinegona eta kezka» adierazi dizkio Unidas Podemoseko buru eta Espainiako presidenteordeari, eta proiektutik aldenduko dela jakinarazi dio.

Pili Zabala, Joxi Zabalaren arreba eta Ahal Duguko parlamentari eta lehendakarigai ohia. JON URBE, FOKU
jon ordonez garmendia
2020ko ekainaren 19a
09:05
Entzun

«Etsipena»: hitz horrekin adierazi du Pili Zabalak Pablo Echenique Espainiako Kongresuko Unidas Podemoseko bozeramaileak atzo GALez esandakoarekin sentitutakoa. Joxi Zabala GALen biktimaren arreba eta Ahal Dugu-ko parlamentari ohiak Euskadi Irratian adierazi du atzo horren berri izan ondoren Pablo Iglesias Podemoseko buruari deitu ziola eta «ezinegona» eta «kezka» adierazi zizkiola adierazpen horiengatik. Echeniquek atzo esan zuen ez dutela babestuko Espainiako Kongresuan Felipe Gonzalezen eta GALen arteko harremana ikertzeko ikerketa batzorde bat osatzea: «Mundu guztiak daki zer gertatu zen», esan zuen, CIAk aste honetan desklasifikatu dituen agirien berri izan ondoren.

Zabalak azaldu duenez, Iglesiasi esan dio berak proiektu batean parte hartu zuela, baina Podemosek Madrilen erabakitzen badu ez eskatzea ikerketa batzordea osatzeko, proiektu horretatik aldenduko dela, eta harremana «hoztu» egingo dela. Azaldu du Iglesiasek esan diola orain ez dela garai «egokia» ikerketa batzorde hori eskatzeko, ez litzatekeelako aurrera aterako. Zabalak erantzun zion, ordea, ez zuela hori ulertzen, «ekintzek ondorioak baitituzte».

Ikerketa batzorde hori eratzea ez babestea atzerapausotzat jo du Zabalak. «Ez dut ulertzen. Non geratzen dira gure eskubideak? Ez dituzte errespetatu», esan du. «Handiak txikia jaten du», gaineratu du. Adierazi du, baina, Ahal Dugu-ko jendeak adierazi diola ez dagoela ados Madrilen Unidas Podemosek hartu duen erabakiarekin, eta asko eskertzen diela.

Politika utzita

Pili Zabala 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako Ahal Dugu-ren lehendakarigaia izan zen. Ezustekoa izan zen haren izendapena; Joxi Zabalaren arreba izanik, GALen biktimen ikur izan zen hainbat urtez, eta sekula ez zen politikan aritu. Ahal Dugu-k 11 legebiltzarkide lortu zituen 2016ko irailaren 25ean. Ahal Dugu-ren talde parlamentarioaren buru izan izen Zabala, baina 2018ko abuztuan politika utziko zuela iragarri zuen, egungo politikagintzaren helburua «jendearen izen ona zikintzea» dela salatu ostean. Hala ere, legegintzaldia amaitu arte jarraitu zuen Eusko Legebiltzarrean, baina ez taldeko buru gisara.

2016ko hauteskunde kanpainan Pili Zabalak mutu utzi zuen Alfonso Alonso PPren lehendakarigaia telebista eztabaida batean, hain zuzen ere, GAL dela eta. Mariano Rajoy PPkoa zen orduan Espainiako presidente, eta Zabalak galdetu zion Alonsori: «Orduan, zuretzat ez naiz terrorismoaren biktima?». Alonso isilik geratu zen, eta totelka esan zion estatuaren funtzionarioen jarduera gaitzesgarri baten biktima dela, baina aitortu zuen ez zutela terrorismoaren biktimatzat jotzen.

Joxi Zabala 1983an bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi zuen GALek, Joxean Lasarekin batera. 1983tik 1987ra Ipar Euskal Herrian Espainiako Gobernuaren agindupean izan zen gerra zikinaren lehen hildakoak izan ziren Joxean Lasa eta Joxi Zabala. Felipe Gonzalez zen orduan Espainiako presidente. 27 lagun hil zituen guztira GALek, 40 bat erasotan, eta hainbat eta hainbat atentatu epaitu gabe geratu dira. Zazpi heriotza besterik ez dira argitu Espainiako auzitegietan, eta horiek, erdizka; Joxi Zabala eta Joxean Lasarena tartean.

Lasa eta Zabalaren gorpuzkiak 1995ean aurkitu zituzten, desagertu eta hamabi urte igaro eta gero. 2000. urtean, epaiketa egin zen, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak bost lagun zigortu zituen Lasaren eta Zabalaren auzian: Angel Vaquero, Felipe Bayo Leal eta Enrique Dorado Villalobos guardia zibilak, Julen Elgorriaga Gipuzkoako gobernadore zibil ohia eta Enrique Rodriguez Galindo komandantea. 67 eta 71 urte arteko zigorrak jarri zizkieten. Estrasburgoko Giza Eskubideen auzitegiak 2010ean epaia berretsi zuen. Inor ez dago preso egun. Lasa eta Zabalaren auziaren ostean, Galindo eta Elgorriaga segituan atera zituzten libre, gaixotasunak zituztela argudiatuta eta gaixo larri daudenek baldintzapean aske egoteko duten aukera baliatuta. Bayok eta Doradok hirugarren gradua lortu zuten 2002an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.