Egunotan jendaurrera atera dira Ameriketako Estatu Batuetako inteligentzia zerbitzuen paper batzuk, zeinek Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohia zipriztintzen baitute. CIAren paper horien arabera, Gonzalezek onartu egin zuen ETAren aurka mertzenarioak erabiltzea. Gonzalezen eta GALen arteko loturari buruzko auzia berriro hartu da hizpide, eta Espainiako Kongresuan ekinbideak aurkeztu dituzte talde batzuek.
Hain zuzen, Kongresuan ikerketa batzorde bat sortzeko eskaria erregistratu dute EH Bilduk, EAJk, ERCk, Junts Per Catalunyak, CUPek eta BNGk. Zehazki, eta eskaria onartuz gero, ikerketa batzorde horren egitekoa izango da argitzea CIAren dokumentuen egiazkotasuna, Gonzalezek GALen sorreran izandako ardura, talde armatuaren ekintzez Gonzalezek zuen ezagutza eta ekintza horietan gobernuak izandako parte hartzea.
Unidas Podemosek ez du, ordea, oinarririk ikusten urrats horietarako. Pablo Echenique bozeramaileari galdetu diote gaiaz elkarrizketa batean, eta garrantzia kendu die CIAren paperei: «Ez dute ezer berririk esaten, eta orduko egunkari orriekin eginak daude». Echeniqueren esanetan, GALen auziak argituta daude: «Mundu guztiak daki zer gertatu zen, eta badaude zigor judizialak: ministro bat eta estatu idazkari bat». Areago, «harrituta» azaldu da talde politiko batzuk ikerketa batzordea sortzearen alde agertu izanarekin. Unidas Podemosek ez du arlo horretan urratsik egiteko asmorik: Echeniquek ohartarazi du ez direla «distraituko», eta «are gutxiago jakinak diren kontuengatik».
Echeniqueren adierazpenek ezinegona eragin dute koalizio barruan. Nagua Alba diputatu ohiak, adibidez, «sinestezintzat» jo ditu adierazpen horiek, eta Cristina Makazaga legebiltzarkideak ohartarazi du GALen biktimek ere «egia, justizia eta erreparazioa» behar dutela. Kritiko hitz egin du Eduardo Santos Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusi eta Justizia kontseilariak: «Alderdiaren edozein posizioren gainetik, delitu larrien biktimak babesteak gidatu behar du jardun politikoa. Eta biktimek eskubidea daukate egiarako, justiziarako eta erreparaziorako. Ezin da dudarik egin. Inoiz ez da distrakzio bat». Lander Martinez EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusi ohiak ere jo du Echeniqueren aurka: «Ulertezina. Gure betebehar moral eta politikoa da giza eskubideen urraketen aurrean eztena edukitzea. Ikertzea giltzarria da egia, justizia eta erreparazioa lortzeko».
Elkarrekin Podemos, desados
Echeniqueren hitzak propio aipatu gabe, Elkarrekin Podemosek eta Ezker Anitzak ohar bat argitaratu dute, «GALen biktimentzako egia, justizia eta erreparazioa» defendatzeko eta «exijitzeko behingoz argitu dadila Felipe Gonzalez [Espainiako] Gobernuko presidente izandakoaren erantzukizuna GALen». Erantsi dute «estatuak zor historikoa» daukala «indarkeria politiko horren biktimekin», eta zor hori kitatzeko modua dela estatuaren ardura argitzea.
PSOEk ez du Gonzalezen aurkako hitz erdirik egin paperak argitara atera ondoren. «PSOEren babesa dauka», esan zuen Adriana Lastra bozeramaileak, eta, gaur bertan, Gonzalez bera goraipatu du Margarita Robles Espainiako Justizia ministroak: «Gonzalezen azken gobernuaren parte izan nintzen, Barne Ministerioko estatu idazkari gisa, oso garai zailetan. Ahaztu egiten dugu ETAk hil egiten zuela; hori kontuan hartzea oso garrantzitsua da. Felipe Gonzalez herrialde honen historiaren pertsona gakoetako bat da». Roblesek erantsi du «momentu bakoitzean eskuzabala izaten jakin» behar dela,
Halere, sozialisten artean izan dira kontrako ahotsak ere: Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusiak, adibidez, adierazi du argitu egin behar dela GALen auzia: areago, bere alderdian oraindik ere GAL dela-eta erantzukizunak argitzeke baldin badaude, «ordain daitezela» eskatu du. Gonzalez bera auzitan jartzera iritsi gabe, Denis Itxaso EAErako Espainiako Gobernuaren ordezkariak ere GALen zeregina kritikatu du. «Ez zuen inoiz existitu behar».