Ekainaren 22an sartuko dira Ipar Euskal Herriko ikasle guztiak ikastetxeetara. Maiatzaren 11tik goiti, pixkanaka sartu ziren ikasleak, mailaz maila. Segurtasun tarteak errespetatu behar izan dituzte, eta gela bakoitzeko ikasleen erdia egon zitekeen presente —gisa horretan segituko dute lizeoetan—. Lehen hezkuntzako eta kolegioetako ikasle guztien harrera egin ahal izateko, protokoloa arindu du Frantziako Gobernuak eta neurri berriak plantan eman ditu.
Hala, segurtasun tarteak arindu dituzte: ama eskolan, aurrerantzean ikasleek ez dute lau metro koadroko distantzia errespetatu beharko elkarren artean. Ahal den heinean, lehen maila eta kolegioetan. metro bateko tartea mantendu beharko dute, baina. ikasgela txikiegia delarik, ez da beharrezkoa izanen segurtasun tarteak atxikitzea. Kasu horretan, 11 urte baino gehiagoko haurrek maskara jantzi beharko dute.
Bestalde, kanpoko eremuetan, segurtasun tartearen bermatzea ez da beharrezkoa izanen aurrerantzean. Hala ere, talde desberdinetako ikasleek ez dute elkar gurutzatu beharko ikastetxe barnean. Maskara derrigorrezkoa izanen da langile eta irakasle guztientzat. Ikasleek, berriz, ikastetxe barneko leku aldatzeetan jantzi beharko dute, klasean distantzia ezin bermatua delarik. Oro har, elkar gurutzatzea saihesteko, ordutegiak egokitu beharko ditu ikastetxe bakoitzak. Irakasle zaurgarriek debekatua izanen dute lanera itzultzea.
Garbiketa protokolo berezia ere zehaztu du Frantziako Gobernuak. Ikasgelak aireztatu beharko dituzte egunean hainbat aldiz. Langileek garbiketa egunero egin beharko dute, eta, ikasleek partekatzen duten materiala ere desinfektatu beharko dute egunero, gutxienez.